Aizkora

Aizkora
esku-tresna, separation device (en) Itzuli eta tresna

Aizkora bat zurezko heldulekudun eta metalezko ahodun tresna bat da, egurra edo zenbait lekuetan ere harri leunak mozteko erabiltzen dena. Garai batean, ehizarako eta borrokarako ere erabili izan zen.

Ohiko lanabesa izan da euskaldunon artean, harrizkoa garai zaharretan, brontzezkoa gero eta burdinazkoa egun. Herri kiroletan ere ohikoa da aizkora proba edo apustua.

Etimologia

Egungo teoria funtsezkoenaren arabera, aizkora hitza esanahi berbera duen latineko asciola hitzetik datorke.[1]

XX. mendean (aitzineuskarari buruzko azterlanak hasi baino lehenago), euskalariek uste izan zuten aizkora hitza eta beste batzuk (aizto, aitzur...) haitz errotik zetozela, eta antzina tresna horiek harriaz egiten zirela erakusten zigutela hitz horiek.

Sinesmen eta elezaharrak

  • Aizkora botatzen den iskilu edo arma gisan azaltzen da elezaharretan, ireluen gustuko armatzat. Horrela da Basajaun eta San Martiniko elezahar ezagunaren aldaera guztietan.
  • Beste aldetik, aizkorak nolabaiteko "tximistorratz" magikoaren lana egiten du ekaitzetan etxeak eta bordak babesten. Horretarako, ekaitzak irauten duen bitartean etxeko edo borda zein ukuiluko ateburuaren azpian jarri behar da aizkora, ahoz gora: era horretan, tximistek ez dute babestutako eraikuntza joko.
  • Euskal Herriko zenbait lekutan, tximistaren izenetako bat oinaztarria da, baita harrizko tximistaren esanahiarekin. Izenak sinesmen honetatik dator: tximistak hodeietatik ekaitzaren ireluek botatako harrizko aizkorak dira. Sukarrizko harri puska zapala da inoiz, edo harrizko aizkora leundu bat (Historiaurrekoa). Beste zenbaitetan, trumoi-hodeitik botatakoa burdinazko zein brontzezko aizkora da.

Hori dela eta, artzainek eta baserritarrek uste zuten harrizko aizkora zahar horiek indar berezia zutela tximisten aurka babesteko, eta horregatik estimatuak ziren.

  • Urbasako ikazkin batek Hartzaren baratza izeneko lekuan hartza engainatzeko erabiltzen duen tresna aizkora da: hatzaparrak berak aizkoraz pitzatutako enbor betean sartzeko engainatuz harrapatzen du. Ipuinaren beste aldaera batean, horrela basajaun bat harrapatzen du.

Erreferentziak

  1. Robert Lawrence TRASK (1997): The History of Basque, London: Routledge, 143. orrialdea.

Bibliografia

Kanpoko loturak

Kanpo estekak