Azerbaijango historia

Azerbaijango historia, Azerbaijan deritzon estatuaren eta lurraldearena, bi aro nagusitan banatu daiteke. Batetik azerbaijandar herri turkiarraren nagusitasuna ezarri aurrekoa, non beste erresuma eta etnia batzuen historia kontatu behar den; eta bestetik azerbaijandarren historia, 11. mendetik aurrera inguru zabal batean nagusi izan den herriarena, zeinak, bestalde, independentea ez den Irango Azerbaijan eskualdea ere hartzen duen.

Lehen entitate historikoak

K. a. VIII. mendetik Eszitiarren lurraldea izan ondoren, Azerbaijan (eskualde historikoa) mediarren Akemenestar Inperioaren barnean geratu zen K. a. VI. mendean.

Hurrengo mendeetan, bertako entitate kaukasiar independente bat garatu zen, Kaukasoko Albania. Erresuma horren lehen arrasto historikoak K.a. IV. mendekoak dira, eta gure aroko arabiar musulmanen 8. mendeko inbasioekin desegin zen beraien independentzia, identitate aldetik diluituz joan zelarik izaera hura gurrengo mendeetan. Albaniar/Aghvank haien hizkuntza egungo Udi hizkuntzarekin lotuta dagoela demostratu da, eta hortaz, jarraitasun bat badago gaur egunera arteko talde etniko txiki horretara, zeina 21. mendean ere Azerbaijanen bizi den.

Islamizazioa eta azerbaijandar turkiarren hegemonia

VIII. mendean, arabiarrek hartu eta Islamera bihurtu zuten Azerbaijan. Baina bertako identitatea geroago kokatu zen bertan, musulmanen eraginez islamera bihurtutako herri turkiarrak mugitzean. Turkiarren migrazioa gaur egungo Turkmenistandik gertatu zela uste da, antzekotasun linguistikoak adierazten duenez. Mongoliarren inbasioekin ere lotu daitekeela usre da, mongoliarren Ilkhanerriko soldadu asko turkiarrak baitziren.

Beste entitate musulman batek, Persiak, menderatu zuen zenbait mendez ingurua safaviar garaian, baina aro horretan ere Azerbaijango turkifikazioak Qizilbash-en eraginpean jarraitu egin zuen. Azerbaijan izena ere turkiarren aurrekoa dela uste da, eta mailakako hizkuntza aldaketa bat nabarmentzen da, bertako toponimo askok iraun egin baitzuten, nahiz eta modu eraldatuan.

Persiarrek XVI. mendean hartu ondoren, turkiarren eta persiarren arteko gatazka iturria izan zen. Eta ondoren, Errusia indartu ondoren, persiar eta errusiarrek egin zuten talka eskualdean. 1804-13 eta 1826-28 bitarteko Errusiarren eta Pertsiarren arteko gerren ondorioz, Irango Qajar dinastiak Kaukason zituen lurrak Errusiar Inperioari ematera derrigortu zitzaion, eta ordutik, gaur egun ezagutzen den muga finkatu zen. Estatuen arteko banaketa horren ondorioz, Azerbaijandarrak gaur egun bi estatuen artean bananduak daude: Iran eta Azerbaijan.

Errusiarren mendean

1828an errusiarrek hartu zuten, eta 90 urtez Errusiar Inperioaren barruan egon zen lurraldea. Azerbaijango Errepublika Demokratikoak bizialdi laburra eduki zuen, 2 urtekoa, 1918 eta 1920 artean. Azken urte horretan, Armada Gorriak lurraldea konkistatu zuen, eta Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialista eratu zuten. Sobietar Batasunaren zati bat izan zen 1936tik 55 urtez, harik eta batasuna desegin eta, Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zenean, burujabetasuna aldarrikatu zuen arte (1991). Independentzia lortu eta berehala gatazkak sortu ziren, ordea, biztanleriaren osaerari dagokionez lurralde armeniarra den Nagorno-Karabakheko lurraldearen gaineko kontrola zela-eta. 1991an Nagorno-Karabakheko gehiengo armeniarrak (170.000 biztanle, %76 armeniarrak, %23 azerbaijandarrak), estatu burujabe aldarrikatu zuen lurralde hura, baina Azerbaijango sobiet gorenak ez zuen erabaki hura onartu.

Independentzia

Aiaz Mutalibov buruzagi komunista ohia izan zen Azerbaijango Errepublikako Lehen lehendakaria, 1991n, baina 1992ko maiatzean dimisioa ematera behartu zuen oposizioko Herri Fronteak, Karabakheko egoera kontrolatzerik lortu ez zuelako. Gorabehera askoren ondoren, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren 1993an, eta Albufaz Elxibey Herri Fronteko burua izan zen garaile, botoen %55 eskuratuta. Presidente hark Errusiatik aldentzeko eta Turkiara hurbiltzeko ahaleginak egin zituen (Estatu Independenteen Erkidegotik atera zen Azerbaijan 1992an) eta Mendebaldeko herrialdeekin petrolioaren esportaziorako hitzarmenak lortzen ahalegindu zen. Baina Elxibeyk ez zuen lortu ekonomiak hobera egitea eta Nagorno-Karabakheko gerra amaitzea.

Hain zuzen ere, gudaroste azeriak zenbait gudu galdu zuen armeniarren kontrako gerran, eta horren eraginez estatu kolpe bat eman zuten Guseinov koronelaren jarraitzaileek. Elxibeyk ihes egin zuen eta Kontseilu Nazionalak Heydar Aliev komunistaren esku utzi zituen ahalmenak. Heydar Aliev lehendakaria Turkiarekiko harremanak sendotzen saiatu zen, beti agertuz azerien alde eta armeniarren kontra, eta Errusiarekiko hurbiltasuna ere bilatu zuen, etorkizunean mugen kontrola bideratzen lagun ziezaiokeelakoan. Horrela, 1993an Estatu Independenteen Erkidegoan onartu zuten berriro Azerbaijan. Urte hartan bertan, urrian, lehendakari izendatu zuten Aliev (%98,8). 1994ko maiatzean, su-etena sinatu zuen Nagorno-Karabakheko gerran, Errusiaren presioaren eraginez, baina 1996 arte elkarrizketak egon ziren arren, gatazka ez zen erabat konpondu. 1994an Husseynov lehen ministroaren jarraitzaileek estatu kolpea emateko saioa egin zuten, su-etenaren kontra baitzeuden, baina ez zuten beren helburua lortu eta atxilotu egin zituzten.

1995ean hauteskundeak egin ziren, oposizioko alderdien parte-hartzerik gabe, debekatu egin baitzituzten estatu kolpearen saioaren ondoren, eta Alieven Azerbaijan Berria alderdia izan zen garaile; bestalde, 1996an Guliev lehen ministroak dimisioa eman behar izan zuen, eta Rasizade izendatu zuten lehen ministro. 1998ko hauteskundeetan Heydar Aliev komunista aukeratu zuten berriro lehendakari (%76,11), herrialdeari egonkortasuna eman ziolako eta ekonomia hobetzeko lan handiak egin zituelako, batez ere petrolioaren alorrean.

Kanpo estekak