Deskafeinatze
Deskafeinatzea edo kafeinagabetzea kafeari, teari, kakaoari eta beste ale eta belar batzuei kafeina kentzeari esaten zaio.
Kafe kafeinagabea egiteko lehen metodoa Ludwing Roselius alemaniarrak asmatu zuen 1903an. Bentzenoa erabili zuen kafe-aleei kafeina erauzteko. Bentzenoa oso toxikoa da eta gaur egun bere erabilera guztiz baztertuta dago[1].
Egun, beste hiru metodo erabiltzen dira kafe deskafeinatua egiteko. Lehenak ur beroa usatzen du disolbatzaile gisa, baina ez da kafeinarekiko oso espezifikoa eta kafeari zaporea eta usaina ematen dizkioten beste hainbat substantzia ere kentzen dizkio. Teknika honen bitartez aleetako kafeinaren % 94-96 erauz daiteke.
Bigarren metodoan metilen kloruroa edo etil azetatoa erabiltzen dira kafeina erauzteko. Disolbatzailea behin eta berriz kafe-aleetan zehar pasarazten da nahikoa kafeina kendu arte, eta gero, kafeina kendutako aleak urez garbitzen dira disolbatzaileen arrastoak desagerrarazteko. Metilen kloruroa eta etil azetatoa erabiliz, kafeinaren % 96-97 erauzten da. Bigarren metodo hau, hain zuzen, Europan gehien erabiltzen dena da.
Azkenik, hirugarren metodoak karbono(IV) oxidoa erabiltzen du kafe-aleetako kafeina kentzeko. Kafe-aleak dauden ontzian oso presio handian dagoen karbono(IV) oxidoa pasarazten da. Hain presio handian karbono(IV) oxidoak propietate bereziak ditu eta disolbatzaile bikain bilakatzen da. Aipatutako hiru metodoetan garestiena da, baina baita emaitza hoberenak ematen dituena ere. Karbono(IV) oxidoa erabiliz aleetatik kafeinaren % 98 ken daiteke[1].
Erreferentziak
- ↑ a b Nola kentzen zaio kafeina kafeari?. Zientzia.eus.