Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna
Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna | |
---|---|
Mota | nazioarteko egun |
Honen izena darama | emakume |
Commemorates (en) | emakume |
Indarraldi | 1909ko otsailaren 28a - |
Egun | Martxoaren 8 |
← National Woman's Day (en)
| |
Webgune | un.org… |
Hashtag | #WomensDay eta #InternationalWomensDay |
Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ospatzen da. Herrialde gehienetan Emakumearen Nazioarteko Eguna izenarekin ere ezagutzen da.[1] Emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko zein eskubide horiek betetzea eskatzeko erabiltzen da eguna.
Emakumeen Nazioarteko Eguna, lehenengoz, 1909ko otsailaren 28an ospatu zen, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) New York hirian, AEBetako Alderdi Sozialistak antolatuta. 1917ko martxoaren 8an[oh 1] Errusiar Inperioko hiriburua zen Petrograden (gaur egungo San Petersburgo) oihalgintzako emakume langileek manifestazioa abiatu zuten, eta hiri guztia hartu zuten; hura izan zen Errusiako Iraultza piztu zuten ekintza nagusietako bat.[2] Egun hau batez ere herrialde eta mugimendu sozialista eta komunistek ospatu izan zuten, harik eta 1975ean Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko egun izendatu zuen arte.[3]
Kronologia
Martxoaren 8aren kronologia zehatz bat osatzea zaila bada ere, izan dira XX. mendean zehar hainbat gertakari egun honen zergatia marraztu dutenak.
1909: Emakumearen Egun Nazionalaren ospakizuna AEBn
1909aren aurretik hainbat ospakizun egon baziren ere —1908ko maiatzaren 3an Chicagoko Garrick antzokian "Emakumearen Eguna" izeneko ekimena antolatu zuten Corinne Brown eta Grertrude Breslau-Hunt emakume sozialistek[4]— 1909ko otsailaren 28an ospatu zen lehen aldiz, New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Sozialistak antolatutako "Emakumeen Egun Nazionala". Alderdiko emakumeek antolatu zuten, 1908an Chicago eta New Yorken euren lan baldintza okerrengatik protesta egin zuten emakumeak gogora ekartzeko[5]. 15.000 emakume inguruk manifestazioan hartu zute parte New Yorken, lanaldiaren murrizketa, soldata hobeak eta bozkatzeko eskubidea eskatuz[5][6].
1909ko azaroan alkandora-egileen greba hasi zen (ingelesez: New York shirtwaist strike), batzuetan Hogei milen altxamendua izenarekin ezaguna[7]. Grebaren zuzendaritza Clara Lemlichek eraman zuen, Ameriketako Estatu Batuetako Emakumeen Sindikatuen Liga Nazionalak lagunduta[8][9].
1910: Emakumeen Nazioarteko Egunaren deialdia
1910ean Emakume Sozialisten II Nazioarteko Biltzarra egin zen Kopenhagen. Bertan emakumeen bozka eskubidea aldarrikatu zen eta, Clara Zetkin komunista alemaniarrak proposatuta, emakumeen eskubideen aldeko kanpaina nazioarteko egitea eta horren bidean, urtean Nazioarteko Egun bat borroka-egun gisa hartzea adostu zen; baina ez zuten egun finkorik ezarri[10][11]. 17 herritako 100 bat emakume ziren bertan eta proposamena aho batez onartu zuten. Parte-hartzaileen artean Finlandiako parlamentuan hautatutako lehen emakume parlamentariak zeuden. Egunaren aldarrikapenaren helburua emakumeentzako, batez ere langile klaseko emakumeengan fokatuz, sufragio unibertsala lortzea eta eskubideen berdintasuna aldarrikatzea zen, emantzipazio politikorako bidean tresna gisa[12][6]. Clara Zetkinekin batera beste emakume batzuek ere parte hartu zuten aldarrikapen horretan, Rosa Luxemburg, Aleksandra Kollontai, Nadezhda Krupskaya edo Inessa Armand kasu[13].
1910eko martxoaren 8an ere Espainian emakumeei Goi Hezkuntzan matrikulatzea baimendu zien[14], Emilia Pardo Bazán Hezkuntza Publikoko kontseilari izendatu eta denbora gutxira.
1911: Lehen ospakizuna
1911n bertan, aurreko urteko erabakiaren ondorioz, lehen aldiz ospatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Martxoaren 19an egin zen urte hartan eta milioi bat pertsona bildu zituen[1], emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iritsi ahal izateko eskubidea, lanerako eskubidea edo berdintasuna hezkuntzan eskatuz.
Urte bereko martxoaren 25ean 1911n New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikan izandako sutean 123 emakume eta 23 gizon langile hil ziren. Sutea piztuta, ezin izan zuten ihes egin ateak eta eskailerak blokeatuta zeudelako. Hau ohikoa zen makinak lapurtzearen aurkako neurri gisa[15]. Triangle Shirtwaist Company enpresan gertatutako suteak oihartzun ikaragarria izan zuen AEBetan, bertan hil ziren emakumeak aurreko urtean lehen emakume greba egin zutenak izan baitziren, lanerako baldintza hobeak eskatzen zituztenak, alegia.
1913–1914
Lehen Mundu Gerran parte hartzearen aldeko eta kontrako iritzietan banatuta zeudenean, Errusiako emakumeek Lehen Nazioarteko Eguna ospatu zuten 1913ko otsaileko azken igandean. Europako beste toki guztietan hurrengo urteko martxoaren 8an protestak izan ziren, gerraren aurka eta emakumeen arteko solidaritatearen alde.
1917: Errusiako Iraultzaren pizgarri
« | Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Zerbait gertatuko al da kalean gaur? | » |
—Fiodor Raskolnikov[oh 2] |
1917an Errusiako Iraultzaren hasiera izango zena martxoaren 8 batean izan zen. Errusiar Egutegian otsaileko azken igandea izan zen eta emakume sozialistek Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zuten.[17] Goiz horretan bertan Putilov frabrikako langileek euren fabrika itxita aurkitu zuten, eta egoera desesperatu horretan manifestazioan joan ziren. Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, mitinetarako eta manifestazioetarako deia egina zegoen,[5] egoera ekonomikoa eta politikoa aipagai hartuta. Boltxebikeek, iraultzarako edo greba orokorrerako aukerarik ez zegoela pentsatuta, hitzaldi batzuk eta propaganda banaketa bat zuten prest.[18]
Lantokietan geroz eta emakume gehiago zeuden, Lehen Mundu Gerran parte hartzen ari ziren gizon kopuru izugarria zela eta. Horregatik, boltxebikeek zein mentxebikeek ezer berezirik prestatuta ez bazuten ere, lantokietako emakumeek aurrea hartu zuten. Tranbia geltokietako langile gehienak emakumeak ziren, eta martxoaren 8aren aurretik jada egin zizkieten banderak 180. Infanteria Erregimentuari, eta protesta egiten bazuten tirokatuko ote zituzten galdetu. Soldaduek ezetz esan zietenez, martxoaren 8an tranbia langileek greba egin zuten, eta manifestazioetara batu ziren.[18] "Tranbiek ez zuten funtzionatzen, beraz kaleak bereziki hutsik eta isil zeuden. Baina Bolshoi Prospekt eta Gavanskaya kaleen arteko izkinan emakume taldeak hasi ziren biltzen"[19] idatzi zuen Fiodor Raskolnikovek.
Vyborg industria guneko oihalgintzako lantokietan hainbat bilera ilegal egin ziren goiz hartan. Gai nagusia "gerra, prezio altuak eta emakume langileen egoera" izan zen. Emakumeek lanegun luzeak zituzten, eta gainera familiaren kargu egin behar zuten ondoren. Baina janaria lortzeko arazoak zeudenez, lanegunaren ostean gosetea zabaltzen zen[17]. Bilera horietan, euren egoeraren inguruan eztabaidatuta, grebaren alde egin zuten, baina ez zuten protesta bere horretan utzi. Kalera atera ziren milaka emakume, inguruko fabriketara jo zuten, eta haietako langileak animatu zituzten. Piketea oso eraginkorra izan zen. Goizeko 10etarako 27.000 langile zeuden greban, eta eguerdirako itxita zeuden 21 lantoki eta 50.000 langile gehitu zitzaizkion grebari.[18]
Emakumeak fabriketara sartzen ziren, ateak kolpatu, elur-bolak jaurti eta, grebara batzen ez baziren, harri zein burdin zatiak botaz greban parte hartzera deitzen zituzten. Eguna bukatu zenean 59.800 gizon eta emakume zeuden greban Vyborgen, langileen % 61 (beste datu batzuek diote manifestazioetan, guztira, 90.000 pertsona inguru zeudela[20]). Goizean kalera atera zirenei metalurgia eta gerra industrietako langileak gehitu zitzaizkien. Boltxebike batzuk ez zeuden pozik egoerarekin, greba batzordeek erabaki zutelako ez zegoela kondiziorik greba orokor bat mantentzeko.[18][21] Hala ere, laster eman zioten buelta egoerari, eta greba baliatu euren deiak txertatzeko.[18]
Manifestazioak hiriaren erdigunera iritsi zirenean, janaria lortzeko ilaran zeuden emakumeak manifestazioetara batu ziren, eta espontaneoki mobilizatu ziren monarkiaren aurka eta gerra bukatzearen alde[22]. Istiluak ekiditeko, agintariek bulego eta denden itxiera agindu zuten. Horrek ilaran zeudenak sutu eta dendetako langileak manifestatzera eraman zituen[20]. Langile eta ikasleen mobilizazioari emakumeak gehituta, monarkia egun gutxiren buruan bukaraziko zuen herri altxamendua hasi zen, alderdien koordinaziorik gabe eta alderdi iraultzaileen deialdirik gabe.[23][24] Leninek, ordea, 1905eko Iraultzaren ondorioz langileria antolatuta eta mobilizatuta zegoela argudiatu zuen[25].
1917an, Urriko Iraultzan boltxebikeek boterea hartu zutenean, martxoaren 8a jai egun nazionala izendatu zuten.
1922-1975: Dataren egonkortzea eta instituzionalizazioa
Martxoaren 8aren finkatzean garrantzia berezia izan zuen Aleksandra Kollontai komunistak. Asistentzia Publikorako Herriaren komisario izendatu zuten, eta emakumeentzako botoa eta dibortzioa eta abortoaren legalizazioa lortu zuen SESBen[26]. Martxoaren 8a jai ofiziala izatea lortu zuen, nahiz eta lan eguna izan. 1965eko maiatzaren 8an Sobietar Batasuneko Sobiet Gorenak erabaki zuen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna jai egun osoa izatea[27]. Sobietar Batasunak 1917an hartutako jaiaren inguruko erabakia laster hedatu zen beste herrialde batzuetara. 1922an Txinan ospatu zen lehen aldiz, eta Espainian 1936an[28]. 1949an komunistek Txinako Herri Errepublika aldarrikatu ostean eman ostean jai egun bilakatu zen, eta emakumeek lanaldi erdia baino ez zuten lan egin behar egun horretan.[29]
Hamarkada horietan herrialde sozialista eta komunistek, eta herrialde kapitalistetako ezkerreko taldeek ospatu zuten Emakumeen Nazioarteko Eguna. 1975ean Nazio Batuen Erakundeak "Emakumearen Nazioarteko Urtea" ospatu zuen eta, bi urte beranduago, 1977ko abenduan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 32/142 erresoluzioa onartu zuen[30], herrialde guztiei, bakoitzak bere ohitura eta historiari kasu eginez, Nazioarteko Emakumeen Eguna ospatzeko deia eginez. Helburua "emakumeen eskubideak eta nazioarteko bakea" aldarrikatzea zen. Gutxinaka herrialde askotan deialdi hau agendan gehitzen joan zen.
1977: Lehen ospakizuna Euskal Herrian
Euskal Herrian lehen aldiz ospatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Bilbon hain zuzen ere:[31]
« |
1977eko Martxoaren 8an Euskal Herrian Emakumearen Egun Internazionala lehengo aldiz hospatu da, egun honetan emakumeek aurrerantza eraman behar dugun eguneroko burruka gogoratzen dugu gure zapalkuntza eta sozial bazterketaren kontra. Bizkaiko Emakumeen Asanbladak egun hau hospatzeko ekintza batzu antolatu zituen. Goizean Bilboko leku batzutan mahaik ipini genituen, emakumei buruzko liburuak erakutsiz eta geure programa, erauskailuak eta beste liburuska banatuz. Arratsaldeko 7'30etan San Francisquito elizan batzar batean mila emakume baino gehiago egon ginen. Gure problematikaren aldi batzuk aztertu genituen eta gure artean solidaritate giro haundi bat sortu zen. Amaitzerakoan, Santutxutik zehar manifestazioan joan ginen Poliziak, bere ohizko metodoak erabiliz eta emakumeen aldeko manifestaldi batean lehenengo aldiz, manifestazio hau desagun arte. Bizkaiko emakume askorentzat burruka honetan partaide izateko lehengo pausu bat izanda, eta gainera emakume guztientzat pausu garrantzitsu bat. Gure problemak eztabaidatzeko hainbeste emakume elkartzen ginen lehengo aldia zen. Hemendik aurrera, gero eta emakume gehiago bide honi jarraituko diogu, seguruago eta gogo haundiagoarekin geure askatasuna lortzeko. |
» |
2018: Nazioarteko lanuzte eguna
2018ko martxoaren 8rako, emakume feminista taldeek nazioarteko deialdia egin zuten Emakumearen Egunean emakumeen diskriminazioa eta tratu txarrak salatzeko mundu osoan protesta eta lanuzteak egiteko.[32][33] Erantzun zabala izan zuen mundu osoan, baita Euskal Herrian ere. [34] Egun osoko grebak egin ez zirenean, lana ordu batzuetan utzi zen, eta bestela elkarretaratzeak antolatu ziren. Erakunde publiko ugarik bat egin zuten, Euskal Herrian alderdi ia guztien eta sindikatuen oniritziaz eta babesaz, salbu eta PPko hainbat buruzagiren kontrako jarrera.[35]
2019ko Euskal Herriko Greba Feminista: Heteropatriarkatu kapitalistari planto!
2019ko Martxoaren 8rako Euskal herriko Mugimendu Feministak grebara deitu zituen emakume*, bollera eta transak, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu anitzak direlakoan.[36] [37]Aurreko urtekoan bezala, eguneroko normaltasunarekin apurtu eta hiriak, herriak zein auzoak geldiarazteko. ez kontsumitzera deitu zuten ere bai. Greba feministaren egunetik haratago, kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa proposatu eta kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko deia ere bia. Greba bost ardatzetan antolatu zen: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista. [38] Deialdiak jarraipen zabala izan zuen Euskal Herri osoan.[39][40][41]
Emakumearen Nazioarteko Eguna gaur egun
Emakumearen Nazioarteko Eguna jai egun ofiziala da Afganistan[42], Angola, Armenia, Azerbaijan[43], Bielorrusia[44], Burkina Faso[45], Kanbodia[46], Txina[47] (emakumeentzat baino ez), Kuba[48], Georgia[49], Ginea-Bissau[42], Eritrea[42], Kazakhstan[50], Kirgizistan[51], Laos[52], Mazedonia (emakumeentzat baino ez), Madagaskar[53] (emakumeentzat baino ez), Moldavia, Mongolia[54], Nepal[42], Errusia[42], Tajikistan[42], Turkmenistan[42], Uganda[42], Ukraina[42], Uzbekistan[55], Vietnam[56], eta Zambian[57].
Beste herrialde batzuetan, Kamerun[58], Kroazia[59], Errumania, Bosnia-Herzegovina, Bulgaria[60] edo Txilen[61], adibidez, ez da jai ofiziala, baina nolabaiteko ospakizunak daude. Egun honetan ohikoa izaten da gizonek euren bizitzan dauden emakumeei -lagun, ama, emazte, neskalagun, alaba, lankide...- loreak eta opari txikiak ematea. Bulgaria eta Errumanian Amaren Egunaren baliokidea da.
Ikus, gainera
Oharrak
- ↑ Gaur egun darabilgun egutegi gregorianoaren arabera, egun hori zen. Garai hartan Errusian oraindik erabiltzen zen juliar egutegiaren arabera, berriz, otsailaren 23a.
- ↑ [16]
Erreferentziak
- ↑ a b UN Women Watch | International Women's Day - History. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Errusieraz) «Февральская революция» РИА Новости (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) International Women's Day 2008: Investing in Women and Girls. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Historias del 8 de marzo. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ a b c (Ingelesez) International Women's Day 2008: Investing in Women and Girls. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ a b (Ingelesez) About International Women's Day. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Uprising of 20,000 (1909) | Jewish Women's Archive. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Heaven Will Protect the Working Girl Viewer's Guide · HERB: Resources for Teachers. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ My Jewish Learning: The ILGWU 1909 Strike. 2008-11-16 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Ingelerazko Wikipedia
- ↑ Nazio Batuen Erakundea: "International Women's Day History". (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ Kaplan, Temma. (1985). «On the socialist origins of International Women's Day» Feminist Studies 1: 163-171..
- ↑ (Gaztelaniaz) Leff Zimmerman, Gloria. «8 de marzo, Día Internacional de la Mujer» (PDF) Nueva Antropología. Revista de Ciencias Sociales (UNAM).
- ↑ (Gaztelaniaz) Día Internacional de la Mujer: 100 años de igualdad en la Universidad - RTVE.es. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Stein, Leon. (1962-01-01). The Triangle Fire. Cornell University Press ISBN 0801487145. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Bolshevism: The Road to Revolution - Part 6, Section 1. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b (Ingelesez) Lincoln, W. Bruce. (1994-06-09). Passage through Armageddon: the Russians in war and revolution, 1914-1918. Oxford University Press ISBN 9780195089547. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) When women set Russia ablaze | League for the Fifth International. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- ↑ (Ingelesez) Kronstadt and Petrograd in 1917. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- ↑ a b Katkov, George. (1967-01-01). Russia 1917. The February Revolution. (1st Us Edition edition. argitaraldia) Harper & Row (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Cliff, Tony. (2004-06-01). All Power to the Soviets: Lenin, 1914-1917. Haymarket Books ISBN 9781931859103. (Noiz kontsultatua: 2017-02-22).
- ↑ (Ingelesez) Wade, Rex A.. (2005-04-21). The Russian Revolution, 1917. Cambridge University Press ISBN 9780521841559. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Rabinowitch, Alexander. (1991-01-01). Prelude to Revolution: The Petrograd Bolsheviks and the July 1917 Uprising. Indiana University Press ISBN 0253206618. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Uldricks, Teddy J.. (1975-01-01). «Petrograd Revisited: New Views of the Russian Revolution» The History Teacher 8 (4): 611–623. doi: . (Noiz kontsultatua: 2017-02-21).
- ↑ Lenin, V.I.. Lenin: 1917/lfafar: The First Stage of the First Revolution. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Kollontai, Alexandra. Alexandra Kollontai 1920. International Womens' Day. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ International Womens Month 2009: Why celebrate International Women’s Month. 2009-04-16 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) «International Women’s Day: A Centenary to Celebrate» History Workshop 2011-03-08 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Anniversaries of important events. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Research Guides: Asamblea General - Enlaces Rápidos: 32º período de sesiones (1977-1978). (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Anaitasuna, 336. zenbakia, 1977-03-15. Ikus 7. orrialdea.
- ↑ SA, Baigorri Argitaletxea. (2018-03-07). «Indarrak batuz, mundua aldatzeko aletxoa jarriz» GARA (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ «Greba feminista historikoa» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-03-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) TV, Tantaka; TV, Tantaka. «Nola bizi ziren protagonistak martxoaren 8ko greba?» Tantaka TV (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) TV, Tantaka; TV, Tantaka. «2018ko Greba Feminista 8M Bilbao 2018» Tantaka TV (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ «Euskal Herriko Greba Feminista» Euskal Herriko Greba Feminista (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ «M8: Argitu hemen greba feministari buruzko zalantza guztiak» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ Euskal Herriko Mugimendu Feminista. (2019). (pdf) Greba feministaren hausnarketa, antolakuntza eta komunikaziorako dossierra.. .
- ↑ «Mobilizazio anitzak, aldarrikapen politiko zehatzak» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ «Milaka emakumek* kaleak hartu dituzte aurten ere Euskal Herri osoan, mugimendu feminista indartuz» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) TV, Tantaka; TV, Tantaka. «M8 - Greba Feminista» Tantaka TV (Noiz kontsultatua: 2019-05-19).
- ↑ a b c d e f g h i Marking International Women's Day. 2005-03-08 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Public Holidays in Azerbaijan - International Women's Day. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ ЭТАЛОН-ONLINE. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Txantiloi:En-c4d Taking International Women's Day Seriously in Burkina Faso. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ 2007 Cambodia Public Holiday - Cambodia e-Visa Blog. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ https://web.archive.org/web/20140903110410/http://sg2.mofcom.gov.cn/aarticle/aboutchina/publicholiday/200801/20080105327831.html
- ↑ Ministerio de Relaciones Exteriores de Cuba. 2012-03-16 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ დღესასწაულები -. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Txantiloi:En-uk Holidays and weekends in the Republic of Kazakhstan in 2017 year | Electronic government of the Republic of Kazakhstan. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Errusieraz) Кыргызские и американские праздники | В Кыргызской Республике - Посольство Соединенных Штатов. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Events and Public Holidays. 2008-08-29 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Madagascar Public Holidays. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Tsatsaa. Mongolia Web News - Mongolian National Public Holidays. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Министерство иностранных дел Республики Узбекистан. 2012-03-08 (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Women’s Day in Vietnam - Women’s day Official Holiday in Vietnam. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Zambia Public Holidays. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Cameroon Public Holidays. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ Zakon o blagdanima, spomendanima i neradnim danima u Republici Hrvatskoj (pročišćeni tekst). (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Ingelesez) Bulgaria marks International Women’s Day – 8 March. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Días Nacionales en Chile.. (Noiz kontsultatua: 2017-03-08).
Ikus, gainera
- Gizonaren Nazioarteko Eguna
- Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna
- Feminismoa
- Genero-indarkeria