Festuca vasconcensis
Dunetako arrauka | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Poales |
Familia | Poaceae |
Leinua | Poeae |
Generoa | Festuca |
Espeziea | Festuca vasconcensis [[Paul Henri Auquier, Michel Kerguélen|]] |
Dunetako arrauka (Festuca vasconcensis) Poaceae familiako landare belarkara da.[1] Bizkaiko golkoko espezie endemiko bat da.[2]
Taxonomia
Paul Henri Auquier eta Michel Kerguélen izan ziren Zientziarako deskribatu zutenak.
Generoaren Festuca izenak latinez "zurtoian" edo "lasto izpia" esan nahi du, eta haren itxurari egiten dio erreferentzia. Espeziearen vasconcensis izenak "euskalduna" esan nahi du eta jatorria adierazten du.
Sinonimoak:[3]
- Festuca ovina subsp. vasconcensis Markgr.-Dann. in Bull. Centr. Études Rech. Sci., Biarritz 10: 321 (1974)
- Festuca duriuscula var. glabra Laterr. in Fl. Bordelaise, éd. 3: 116 (1829)
Deskribapena
Gramineoen itxura tipikoa du. 20-40 cm-ko altuera hartzen duten zurtoinak ateratzen ditu oinarritik. Ile ugari dituen saihets bakarra du gainaldean eta 8 mm-tik beherako espikula txikiak ditu, bakoitzak 4-6 lore dituztenak. Lore guztiak 7 cm arteko panikuletan bildurik daude.[2]
Oinaldean hosto linealak edo ihi itxurakoak ateratzen dira. Hosto hauek oso zurrunak dira, punta zorrotza dute eta leunak dira. Kolorez berde-urdinxkak dira eta horitzeko joera dute.[2]
Habitata
Dunetako landare espeziea da, 0 eta 50 metrotako altuera artean bizi dena. Duna tertziariotan aurkitzen da, dagoeneko hareatzetako gainerako espezieek egonkortu duten eremutan.[2]
Gaur egun hego-mendebaldeko Europan aurkitzen da[4] Frantzia hego-mendebaldetik Asturias arteko kostaldeko dunetan ikusten da, bereziki ugaria da Kantabriako hareatzatan[5]. Frantzian Fétuque de Gascogne diote.[6]
Euskal Herriari dagokionez Zarautzen aurkitzen da populazio bakarra[7]. Azken kontaketan 88.000 ale zenbatu ziren, gehienak kaltetu gabeko duna tertziaroan pilatuta.[2] Orion azkenengo aldiz 2001ean ikusi zen eta Bizkaiko La Arena eta Laga hondartzetan 2008an azkenengoz.[5] Bestetik Lapurdiko kostaldean 2018an badago espeziearen aipamen bat ere.[8]
Ugalketa eta bizi-zikloa
Errizomarik ez duen arren landare bizikorra da.[2] Maiatza eta abuztua artean loratzen da.[7]
Mehatxua
Dunetako espezieentzako egokia izan daitekeen habitata murriztu egin da itsasertzeko lehen lerroak urbanizatuta. Habitat natural horiek degradatutako eremuek kolonizazio gaitasun handia duten espezie exotikoen presentziaren alde egiten du, eta bertako espezieekin lehian sartzen dira. Horretaz gain dunen berezko dinamikak eta itsas-denboraleek espezieen biziraupena zailtzen dute.[2]
Dunetako arraukaren kasuan populazio isolatu bakarra izateak galtzeko arriskuan jartzen du espeziearen presentzia.[2] Gaur egun kontserbazio lanak ex situ egiten hari dira, haziak eta landare ale biziak jasoz.[5]
Erreferentziak
- ↑ Roskov Y., Kunze T., Orrell T., Abucay L., Paglinawan L., Culham A., Bailly N., Kirk P., Bourgoin T., Baillargeon G., Decock W., De Wever A., Didžiulis V., ed. Species 2000 & ITIS Catalogue of Life: 2014 Annual Checklist.. Species 2000.
- ↑ a b c d e f g h «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-04).
- ↑ (Ingelesez) «Festuca vasconcensis (Markgr.-Dann.) Auquier & Kerguélen | Plants of the World Online | Kew Science» Plants of the World Online (Noiz kontsultatua: 2025-01-04).
- ↑ www.kew.org
- ↑ a b c Iñaki Aizpuru, Ibon Tamaio, Pedro Mª Uribe-Echebarría, Joseba Garmendia, Leire Oreja, Javier Balentzia, Santiago Patino, Amador Prieto, Idoia Biurrun, Juan Antonio Campos, Itziar Garcia, Mercedes Herrera. (2010). Lista roja de la flora vascular de la CAPV. , 138 or..
- ↑ www.tela-botanica.org
- ↑ a b Zarauzko dunetako landaredia - Inurritzako Biotopoa. Aranzadi Zientzia Elkartea - Botanika Saila, 30 or. ISBN Dunetako arrauka..
- ↑ Néhémie MESLAGE, Franck HARDY, Josselin DUFAY. (2018). Observatoire de la biodiversité végétale du littoral des Pyrénées-Atlantiques - Bilan des travaux menés en 2017 v1.0. , 73 or..