Gastritis atrofiko

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Gastritis atrofiko
Deskribapena
MotaGastritisa
gastritis kronikoa
Espezialitateadigestio aparatuaren medikuntza
Identifikatzaileak
GNS-10-MKK29.4
GNS-9-MK535.1, 535.11 eta 535.10
DiseasesDB29503
MeSHD005757
Disease Ontology IDDOID:8929
Gastritis atrofikoaren kalte histologikoak, mikroskopioan ikusita; hematoxilina-eosina tindaketa


Gastritis atrofikoa gastritis mota bat da (urdaileko mukosa gastrikoaren hantura bat, alegia) guruin gastrikoak kaltetu eta suntsitzen dituena. Ondorioz, guruin horiek ekoizten dituzten substantziak (urin gastrikoa, esaterako) ez dira sortzen, arazo digestiboak agertuz [1]. Guruin gastrikoak ez ezik, urdaileko zelula parietalak ere kaltetu daitezke patologia horretan, faktore intrintseko gabezia ekartzen duena.

Bi dira gastritis atrofikoaren eragile nagusiak:

  • Helicobacter pylorik sortzen duen infekzio kronikoa. Hau da gastritis atrofikoaren kausarik ohikoena [2]. Gastritis mota hau urdaileko antroan kokatzen da, batik bat (urdaileko azpiko aldea, heste meharretik gertu)
  • Jatorri autoimmunea. Gaitzaren mota honek urdaileko gorputzari eragiten dio. Gaixotasun autoimmune honetan urdaileko zelula parietalen aurkako autoantigorputz daude, gastritisa sortzen dutenak.

Gaitza diagnostikatu ahal izateko gastroskopia ezinbesteko prozedura da. Teknika honen bitartez urdaileko mukosa aztertzen da. Urdaileko hormaren lagina ere hartzen da, biopsia egiteko. Biopsiaren azterketa mikroskopikoak gastritis atrofikoaren ohiko kalte histologikoak agerian jartzen ditu.

Proba serologikoak ere garrantzitsuak dira: Helicobacter pyloriren aurkako antigorputzak, eta autoantigorputz espezifikoen bilaketa jatorri autoimmunea baztertzeko.

Sintoma klinikoak

Pertsona askorengan gaitza asintomatikoa da.

Sintomak agertzen direnean, ezberdinak dira gaitzaren eragilearen arabera:

Jatorria autoimmunea denean, gastritis atrofikoak hipoklorhidria sortzen du, hots, azido klorhidrikoaren ekoizpena urdailean gutxituta dago. Zelula parietalak kaltetzen direnez, faktore intrintsekoa ez da sortzen, eta B12 bitamina ez da hesteetan xurgatzen. Ondorioz, anemia pernizioso izeneko gaitza azaltzen da. Burdinaren xurgapena ere gutxituta dago (anemia ferropenikoa dakarrena). Ez da arraroa gaixoak beste gaixotasun autoimmune bat izatea.

Jatorria infekziosoa denean, sintoma digestiboak dira nagusi: sabelmina, goragaleak eta okadak, ultzera peptikoak, pisu-galera, anemia ferropenikoa.... [3].

Gastritis atrofikoa dutenek urdaileko minbizia garatzeko probabilitate handiagoa dutenez, urtero edo bi urtetik behin gastroskopiak egitea gomendatzen da.

Erreferentziak

  1. Gastritis atrófica NIH, Diccionario del cáncer
  2. Manzán, M.L., Morillas, J.D. Gastritis atrófica, ¿es útil el seguimiento endoscópico? Gastroenterología y Hepatología continuada, Vol. 3, nº 4 (2004ko uztaila)
  3. Atrophic Gastritis Cleveland Clinic

Kanpo estekak