Globuluen jalkiera-abiadura
Globuluen jalkiera-abiadura (GJA) laborategi klinikoetan burutzen den proba medikoa da, hantura prozesuak, besteak beste, diagnostikatu ahal izateko erabiltzen dena [1]. Probak eritrozitoen jalkiera-abiadura neurtzen du gatzatu edo koagulatu gabeko odolean. Edmund Biernacki sendagile poloniarrak erabili zuen estreinakoz 1897an prozedura hori, gaixotasun batzuen diagnostikoan informazio baliotsua ematen ziolako.
Analisia egiteko prozedura odol-lagina hartzean hasten da. Odolaren gatzapena ekiditeko, antikoagulatzailea bota behar zaio (zitrato sodikoaren disoluzioa, eskuarki). Gatzatu gabeko odol-lagina milimetroetan graduatutako saio-hodi batean sartzen da, eta eritrozitoek hauspeatzeko behar duten denbora neurtzen da, beren hauspeatzeko abiadura mm/orduko unitaeetan adieraziz. Emaitzak mm/orduko ordu batean eta, batzuetan, bi orduetan ere adierazten da.
Eritrozitoen jalkiera-abiadura normala 15 mm/orduko baino gutxiagokoa da emakumezkoen kasuan, eta 20 baino gutxiagokoa gizonezkoentzat. Umeek balore bajuagoak dituzte helduek baino.
Hainbat gaitzetan GJA handituta dago: hantura dutenetan (hainbat gaixotasun autoimmunetan, esaterako), infekzioetan, anemia kasuetan, hainbat minbizitan...Parametro hau beste parametro batzuekin batera analizatu behar da beti gaixotasun bat diagnostikatu ahal izateko, modu isolatuan ez baitu informazio asko ematen [2].
Hantura dagoenean eritrozitoek ohi baino azkarrago hauspeatzen dute, hantura kasuetan agertzen diren proteinek (fibrinogenoak, C proteina erreaktiboak...) globulu gorriak erorarazten dituztelako. Beste hainbeste gertatzen da hainbat gaixotasun autoimmunen kasuan, zeinetan Immunoglobulina batzuen maila altuek efektu bera sortzen dute eritrozitoetan.
Erreferentziak
- ↑ Velocidad de sedimentación globular (VSG) Diccionario Médico, Clinica Universidad de Navarra
- ↑ Velocidad de sedimentación globular labtestsonline.es