Gymnadenia gabasiana

Gymnadenia gabasiana
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaAsparagales
FamiliaOrchidaceae
LeinuaOrchideae
GeneroaGymnadenia
Espeziea Gymnadenia gabasiana
[[Herwig Teppner, Erich Klein|]], 1998
BasionimoaNigritella gabasiana

Gymnadenia gabasiana (aurrez Nigritella gabasiana) orkidea espezie bat da, Kantauriar mendikatean eta Piriniotan aurkitzen dena, Euskal Herrian barne.[1]

Taxonomia

Herwig Teppner eta Erich Klein botanikari austriarrek deskribatu zuten Zientziarako 1993. urtean, Nigritella gabasiana.[2] 1998an Nigritella generoko espezeak Gymnadenia generoaren barnean sartu zituzten eta ordutik Gymnadenia gabasiana izena du, aurrekoa basionimo bihurtuz[1]. Dena dela oraindik ere Nigritella gabasiana izena erabiltzen da bibliografia ugaritan.[3]

Espeziearen gabasiana izenak Centre d'Écologie Montagnarde de Gabas elkartearen omenez jarri zioten, garai hartan jarraipenerako arazoak zituela eta.[4]

Deskribapena

Orkidea belarkara da. Tuberkulu bat edo bi izaten ditu, itxura palmatua dutenak[5], eta hartatik zurtoinak ateratzen dtu. Zurtoinek 8-35 cm altuera hartzen dute eta oinarrian zurtoina besarkatzen duten ezkata arreak izan ohi ditu.[4]

Hostoak lanzeolatu estuak dira, ia linealak, eta punta zorrotza dute. Azpialdean sasi-erroseta bat osatzen dute eta ondoren zurtoinean txadakatuta ateratzen dira[5]. Zurtoinean gora egin ahala txikiagoak dira eta infloreszentzien altueran ia brakteak dirudite.[4]

Infloreszentzia trinkoak ditu, 16-52 loretako multzoak. 12 - 38 x 15 - 32 mm inguruko buru azpikonikoak eratzen ditu. Sepaloak zein petaloak gorri ilunak edo gorri-moreak dira.[4] Euskal Herrian labeloa goiko aldean duen orkidea bakarra da. Labelo hori purpura oso iluna da, leunki trilobulatua dago eta 5-7 mm neurtzen ditu.[5]

Fruitua 5 mm inguruko kapsula bat da, tentea eta sei sahiets dituena.[4]

Habitata

Goi mendietako landarea da, 1.300 metrotik gora hazten da. Mendietako eremu ospeletako erlaitz belartsuetan bizi da, beti ere hezetasun handia duen tokietan.[5]

Euskal Herrian populazio gutxi batzuk aurkitu dira. Gorbeiako Aldamin mendian aurkitu zen populazio bat 1984an[6] eta Aralar mendilerroan beste bat 1994an, azken hau XXI. mendean baieztatzerik izan ez dena.[5] Pirinioaldean ere badira populazio batzuk, adibidez Larrako mendigunean.[7]

Ugalketa eta bizi-zikloa

Landare bizikorra eta hemikriptofitoa da. Neguak zati aereoa galtzen du eta udaberrian tuberkuluetatik zurtoin eta hosto berriak ateratzen zaizkio[4]. Euskal Herrian ekaina eta abuztua artean loratzen da.[5]

Mehatxua

Beharrizan oso zehatzak dituen landarea izanik baldintza klimatikoek nabarmen eragin dezaketen landarea da. Horregatik Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan galtzeko arriskua duten espezieen zerrendan sartuta dago.[5]

Erreferentziak

  1. a b (Gaztelaniaz) «Gymnadenia gabasiana (Teppner & E.Klein) Teppner & E.Klein» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  2. (Ingelesez) «Occurrence Detail 1638410830» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  3. «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  4. a b c d e f (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Nigritella gabasiana Teppner & E. Klein» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  5. a b c d e f g «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  6. «Macizo de Gorbeia: Nigritella gabasiana» Macizo de Gorbeia 1 de julio de 2022 (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).
  7. «Guía Visual de la Biodiversidad de Navarra» www.guiavisual-gorosti.org (Noiz kontsultatua: 2025-02-09).

Kanpo estekak