Izaskun Bilbao
Izaskun Bilbao Barandika (Bermeo, Bizkaia, 1961eko martxoaren 27a) euskal politikaria, Eusko Legebiltzarreko lehen emakume Lehendakaria izan zen (2005-2009), eta geroago EAJko eurodiputatua da 2009tik.[1]
Bizitza
Arrantzale, neskatila eta saregile familia batekoa da, bere lehenengo soldata kontserbako latak betetzen irabazi zuen. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean (1985), enpresen kudeaketan masterra egin zuen gero (EHU, 2000), eta Kortezubiko udaleko idazkari eta kontu-hartzaile da. Bermeoko zinegotzi izan zen lau urtez (1987-1991) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Herrizaingo sailetan ere egin zuen lan. Legebiltzarreko lehendakari kargua hartu zuen lehenengo emakumea izan zen 2005ean.[1]
Hamaika estatu europarretan eskualde mailako 70 legebiltzar baino gehiago biltzen dituen CALRE erakundearen presidentea izan zen 2008an urtebetez.[2][3] Orduko esperientzia hori oso baliagarria izan zitzaion gero.[4] Erakunde horri esker Europa mailako erakundeen arteko harremanak hobetu egin dira, haren araudia aldarazi egin zuten funtzionamendua hobetze aldera eta erakunde horretako urteroko bilera antolatu dute. Gasteiza, legebiltzarreko egoitzara, eta Bilbora ekarri zituen Europako eskualdeetako lider nagusiak.[1]
Kultura eta pertsona ezberdinak ezagutzea gustuko duela, borondatezko lankide izan zen Peruko mendizerran. [1]
Ikasketak
- 1979-1985 Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean Lizentziatua.
- 1999-2000 Euskal Herriko Unibertsitatean Enpresa Kudeaketan Masterra
Karrera Politikoa
Bere ibilbide politikoan zehar honako kargu politikoak izan ditu.[5]
Tokiko Gobernuan
- 1987-1991 : Bermeoko Udaleko Zinegotzia, Hirigintza eta Kultura alorrean.
Eusko Legebiltzarrean[6]
- 1998-2001 : VI Legegintzaldian - Legebiltzarkidea (Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko Lehendakaria)
- 2001-2005 : VII Legegintzaldian - Legebiltzarkidea (Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko Lehendakaria)
- 2005-2009 : VIII Legegintzaldian - Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria
- 04/2009-07/2009 : IX. Legegintzaldian- Legebiltzarkidea
Eusko Jaurlaritzan
- 1989-1994 : Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaria
- 1996-1998 : Barne Saileko Zerbitzu Zuzendaria
Europar Legebiltzarrean
- 2009-2014 : Europar Legebiltzarreko Legebiltzarkidea (Liberalen eta Demokraten Aliantza taldeko Lehendakariordea)
- 2014-2019 : Europar Legebiltzarreko Legebiltzarkidea
- 2019-2024 : Europar Legebiltzarreko Legebiltzarkidea. Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren buru aukeratua izan eta gero.[7]
« | Oraindik harritu egiten nauen gauza bat da jendeak politikaren alorrean dihardugun emakumeon itxurari zenbat begiratzen dion. Hori ez dute gizonezkoek jasan behar. Aipamen asko egiten dizkidate soinean daramatzadan janzkiei buruz. | » |
Erreferentziak
- ↑ a b c d e MI TRAYECTORIA PROFESIONAL / NIRE IBILBIDE PROFESIONALA : IBB Europan / Europa según IBB. (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
- ↑ «Izaskun Bilbao presidirá en 2008 la Conferencia de Asambleas legislativas de regiones de Europa, CALRE» Europa Euskadi (227): 7–8. 2007 (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
- ↑ (Ingelesez) «Previous presidencies» CALRE (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) SUERTE LUISA. LA NUEVA PRESIDENTA DE LA CALRE ME VISITA EN BRUSELAS : IBB Europan / Europa según IBB. (Noiz kontsultatua: 2024-11-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Izaskun BILBAO BARANDICA | Currículum vítae | Eurodiputados | Parlamento Europeo. (Noiz kontsultatua: 2017-06-02).
- ↑ Eusko Legebiltzarra - Legebiltzarkideak eta organoak - Norberaren fitxa. (Noiz kontsultatua: 2017-06-02).
- ↑ https://www.berria.eus/paperekoa/1881/020/001/2019-05-27/bilbaok-bruselan-jarraituko-du.htm