Jean-François Millet
Jean-François Millet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gréville-Hague, 1814ko urriaren 4a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Barbizon, 1875eko urtarrilaren 20a (60 urte) |
Hobiratze lekua | Chailly-en-Bière |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Catherine Marie Joseph Lemaire (en) Pauline Virginie Ono-dit-Biot (en) (1841eko azaroaren 16a - ezezaguna) |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Heziketa | Arte Ederren Goi Eskola Nazionala (1837ko martxoaren 27a - 1839ko maiatzaren 18a) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Théophile Langlois de Chèvreville (en) Paul Delaroche |
Ikaslea(k) | |
Jarduerak | |
Jarduerak | plower (en) , margolaria, Irarlea, arkitektura proiektuen marrazkilaria, argazkilaria, artista grafikoa eta artista bisuala |
Lantokia(k) | Barbizon Cherbourg-en-Cotentin Le Havre eta Paris |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Barbizongo eskola |
Mugimendua | Errealismoa |
Genero artistikoa | genero-margolana paisaia margolaritza |
http://www.atelier-millet.fr L'Atelier de Jean-François Millet | |
Jean-François Millet (Gruchy, Gréville-Hague, 1814ko urriaren 4a – Barbizon, 1875eko urtarrilaren 20a) frantziar margolari errealista, grabatzaile eta marrazkilaria izan zen. Ororen gainetik, artea bere garaiko gizartearen egoerari egokitzeko ahaleginean nabarmendu zen, eta nekazarien bizimoduari buruzko margolanengatik da batez ere ezaguna.
Biografia
Jean-François Millet Gréville-Hague udalerriko (Manche departamendua) Gruchy herrixkan jaio zen, nekazari familia batean. Haurtzaroan artzain, eta geroago nekazalgoan jardun zuen. Herriko apaizari esker, latina ikasi zuen eta irakurzaletu zen. Besteak beste, Bibliaz gain, San Agustin, Virgilio, Shakespeare, Lord Byron, Goethe, Victor Hugo eta Chateaubrianden lanak irakurri zituen. 1833an Cherbourgera bidali zuten eta Paul Dumouchel margolariaren ikaslea izan zen. Ondoren, Théophile Langloisekin ikasi zuen[1]. 1837an Parisen finkatu zen, Cherbourgeko udalak eta Mancheko Kontseilu Jeneralak emandako beka bati esker. Paul Delarocheren ikaslea izan zen han, eta Louvreko maisuen obrak ikertu ahal izan zituen egonaldi hartan.
Hasieran erretratuak eta gai mitologiko koadroak egin zituen. Baina 1847tik aurrera harremana izan zuen Honoré Daumier, Jules Dupré eta Constant Troyonekin, eta horrek gaietan aldaketa ekarri zion Milleti. Izan ere, landa giroko eta nekazarien bizimoduari buruzko gaiak erabili zituen aurrerantzean, batez ere. Horrela, 1848ko Erakusketa Ofizialean nekazarien bizimoduarekin loturiko lehen koadro ospetsua aurkeztu zuen, Galbahetzailea.
Urte hartan bertan Barbizonera aldatu zen, eta han bizi izan zen aurrerantzean, bidaia labur batzuk gorabehera. Ez zen, hala ere, Barbizongo eskola deritzon margolari taldeko kide izan, nahiz eta haiekin harremana izan zuen eta haiek bezala naturalismoa bilatzen zuen bere ideologiaren adierazpide gisa, hau da, hiriko bizitza ankerretik ihes egiteko joeraren adierazgarri.
1848ko iraultzatik sortu zen langilearen heroi irudi berriak, nekazari giroko bizitzaz zuen ulermen bereziarekin batera, XIX. mendeko errealismoa sendotzeko aukera eman zion Milleti. Joera horren erakusgarriak dira, besteak beste, Ereilea (1850, Bostongo Arte Ederren Museoa), Buruxka biltzaileak (1857, Orsay museoa, Paris), Angelusa (1858-59, Orsay museoa, Paris), etab.
1863tik aurrera, Théodore Rousseau bere adiskidearen eraginez batez ere, paisajea landu zuen bereziki (Grévilleko labarrak, 1871, Ohara Arte Museoa, Kurashiki), eta pastel margoak erabili zituen sarritan, inpresionismotik hurbileko emaitzekin. Zenbait obratan sentimentalismo bizia eta efektu koloristak adierazi zituen, eta horrek sinbolismoaren iragarle bihurtu zuen (Udaberria Barbizonen, 1873, Orsay museoa, Paris).
Iruditegia
-
Andre okina, 1854
Kröller-Müller museoa, Otterlo.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/08/14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Alfred SENSIER: Jean-François Millet: Vida y obra Ediciones Encuentro, 2001. Books.google.es
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean-François Millet |
- (Ingelesez) Jean-Francois Millet - The complete works Jeanmillet.org