Londresko metroa

London Underground

  Metropolitan lineako trena Farringdon geltokian.
Datu orokorrak
Garraio motaMetro
EskualdeakLondres Handia, Buckinghamshire, Essex eta Hertfordshire
 Erresuma Batua
Lineak           
Geltokiak272
Bidaiariak1026 milioi (2022/23)
JabeaTransport for London
Webguneawww.tfl.gov.uk/modes/tube
Ustiapena
Hasiera1863ko urtarrilaren 10a
EragileaLondon Underground Limited
Datu teknikoak
Luzera402 km
Galiboa1.435 mm (1863-tik)
2.134 mm (1863-1869)
 Mapa

Londresko metroa Londres Handiko zati handi bat eta Buckinghamshire, Hertfordshire eta Essex konderrietako zenbait alde zerbitzatzen dituen metro sistema da. Munduan eraikitako lehen metroa da: 1863ko urtarrilaren 10ean inauguratu zen, Metropolitan Railway izenarekin. Gaur egun, munduko luzeena ere bada, guztira 410 kilometro baititu. Metroa hamabi lineak eta 275 geltokik osatzen dute. Lurrazpiko lehen garraiobidea izan zen. Gaur egun, jatorrizko ibilbide hori Hammersmith & City lineak osatzen du.

Ezaugarriak

Metroa hiri barrutik ibiltzeko modurik gogokoena da ziurrenik, batez ere eguneroko desplazamenduetarako, lineen arteko aldaketa egitea ez baita zaila eta era erraz, fidagarri eta erosoena baita hiriaren punta batetik bestera mugitzeko.

Metroaren hedadura eta jarduera

Londresko metroak 274 geltoki ditu, 12 lineatan banatuta, eta 408 kilometroan zehar ibiltzen da. Uste ez bezala, metroa ibilbidearen % 55 lur-gainetik ibiltzen da, batez ere erdialdetik urrundu ahala. 2004-2005 urteetan, metroak bidaiari-errekorra lortu zuen, 976 milioi pertsona mugitu baitzituen, 2,67 milioi bidaiari eguneko, gutxi gora-behera. Ez da harritzekoa, pertsona ugarik lanerako erabiltzen baitute egunero, udala ere ahalegin horretan ari da auto-trafikoa arindu nahian (Congestion Charge delako zerga ezarri du autoentzat). Metroa ez da egun osoz ibiltzen, eta gaueko 12:00 inguruan abiatzen dira azken bidaiak; biharamunean, berriz, goiz hasten dira: 4:30 aldera.

Konponketa-lanak

Metro-sarea eta zerbitzuak zaharrak dira, esate baterako, pertsona minusbaliatuek oso gutxitan egin ditzakete sartu-irtenak Londresko Erdialdeko geltokietan. Ondorioz, eraberritze-lanetan ari dira aspaldian, estazio modernoak itxuratuz, seinaleztapena eguneratuz, lineak luzatuz eta, oro har, bitarteko teknikoak berrituz eta erosotasuna areagotuz, areago 2012ko Joko Olinpikoetarako prestatzeko.

Gauetan (00:30-04:30), lineetan obrak izaten dira maiz. Obrak (Engineering works) ez dira salbuespena Londresko metroan, ohiko jarduera bat baizik, eta konponketak eta hobekuntzak burutzera bideratuta daude. Dena den, maiz ere obrak asteburuan eta jarduera-ordutegi arruntean izaten dira eta, beraz, hainbat linea-tarte itxita edo etenda egoten dira. Itxiera horiek estazio-sarreretan eta internet/mugikor bidezko mezuetan iragartzen dira (ikus interneterako Transport for London); kasu horietan, ordezko zerbitzuak jartzen dira indarrean (autobusa). Aldiz, ustekabean linea batek huts eginez gero, ez dago ordezkorik. Metroko obrak eztabaida-gai bizia dira beti eragiten dituzten gorabehera eta eragozpen handiak direla eta.

Bidaia-txartelak

Egunero darabilten bidaiariek gehien baliatutako ordainketa-era Oyster delako txartelaren hileko ordainketa finkoa da. Metroa eta autobusak ere gutxi baliatuz gero, berriz, Oyster top-up aukera dago, alegia, txartela nahi bestetan nahi beste diruz betetzea; hartara, joanaldia (single) prezio erdian edo gutxiagoan ateratzen da. Banaka erositako single bidaia-txartelak, berriz, bereziki garestiak dira.

Lineak

Linea bakoitzak kolore bat dauka, eta izen bat, adibidez: ekialdetik mendebaldera Londres zeharkatzen duen linea, Central Line delakoa (Linea Nagusia), gorria da eta, hartara, bidaiariak begiratu batean erraz identifika dezake metro-lineen arteko tunel-matazatik doanean.

Metroko lineak
Izena Kolorea mapan Hasiera
urtea
Lehen tarte
irekia
Izena
noiztik
Luzera
/km
Luzera
/milak
Geltokiak Bidaiak
urteko
Bidaiak,
batez beste,
miliako
Bakerloo Linea Marroia 1906 1906 1906 23,2 14,5 25 95.947 6.617
Linea Nagusia Gorria 1900 1856 1900 74 46 49 183.582 3.990
Linea Zirkularra Horia 1884 1863 1949 22,5 14 27 68.485 4.892
Barruti Linea Berdea 1868 1858 1868 64 40 60 172.879 4.322
Hammersmith eta City Linea Arrosa 1863 1858 1988 26,5 16,5 28 45.845 2.778
Jubilee Linea Grisa 1979 1879 1979 36,2 22,5 27 127.584 5.670
Metropoliar Linea Morea 1863 1863 1863 66,7 41,5 34 53.697 1.294
Ipar Linea Beltza 1890 1867 1937 58 36 50 206.987 5.743
Piccadilly Linea Urdin Iluna 1906 1869 1906 71 44,3 52 176.177 3.977
Victoria Linea Urdin Argia 1968 1968 1968 21 13,25 16 161.319 12.175
Waterloo eta City Linea Berde Urdinxka 1898 1898 1898 2,5 1,5 2 9.616 6.410

Mapa

Metroaren erdialdeko zonaldearen mapa.

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Aurrekoa
Lehena
Munduko metrorik luzeena
1863 - 2010
Ondorengoa
Shanghaiko metroa