Luis XIII.a Frantziakoa
Luis XIII.a Frantziakoa edo Luis II.a Nafarroakoa (Fontainebleau, 1601eko irailaren 27a – Saint-Germain-en-Laye, 1643ko maiatzaren 14a), Frantzia eta Nafarroako erregea izan zen (1610-1643).
Biografia
Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoaren semea eta ondorengoa izan zen. Adin txikikoa zen bitartean Maria Medici, haren amak, gobernatu zuen Concini politikari italiarrak lagunduta. 1617an Luis XIII.ak Concini hilarazi zuen, Charles de Luynesen laguntzaz. Maria Medicikoak semearen aurka jo zuen baina Ponts-de-Céko guduan menderatu zuten (1620). Luynesek, bere aldetik, protestanteei eraso zien eta Montaubanen hil zuten (1621).
Gorabehera askoren ondoren, Richelieu kardinala, ama-semeak bateraturik, lehen ministro izan zen (1624). Handik aurrera Luis XIII.a Richelieuren mendean egon zen eta beti babestu zuen erregeak bere ministroa, amaren, emaztearen eta anaiaren konplot eta eraso guztietatik.
Bi alderdi nagusitu ziren Frantziako politika giroetan Luis XIII.aren garaian: Espainiarekiko hitzarmenak bideratu nahi zituzten katolikoak eta Frantziako handitasuna molde protestanteen bidetik bilatu nahi zutenak. Frantziatik kanpora, bi erabaki hartu zituen Luis XIII.ak, besteak beste: 1640an Bartzelonako konde titulua onartu zuen Espainiako koroaren aurka matxinatu ziren kataluniarrengandik, baina gerora ezertan ez zen geratu erabaki hura, eta 1620an frantses koroaren pean ezarri zuen Nafarroako Erresuma.
Henrike III.arekin Nafarroako koroaren lurrak independentzia egoeran kudeatuak izan ziren, baina Luis XIII.ak, agintaldiaren hasieratik, Frantziako protestanteen eragina kontrolpean eduki nahi izan zuen, eta haien feudoetako bat Nafarroa eta Bearnoaren zirenez, bi eskualde horien egoera berrantolatzea erabaki zuen. Gudarostearen buruan joan zen Parisetik hegoalderantz.
- 1620ko urriaren 15ean Pauen sartu zen.
- 1620ko urriaren 19an Estatuen biltzarra zuzendu zuen.
- 1620ko urriaren 20an Luis XIII.ak plazaratu zuen "Frantziari Nafarroa eta Bearnoren batze agiria". Gainera erabaki zuen instituzioen berrantolaketa: Donapaleun kokatua zen Nafarroako kantzilertza eta Bearnoko gorteak desagertzen zuten lekua uzteko erakunde komun berriari: Paueko "Nafarroako" Parlamentua.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Aurrekoa: |
![]() Luis XIII.a Frantziako errege (1610-1643) |
Ondorengoa: Luis XIV.a |
Aurrekoa: |
![]() Luis II.a Nafarroako errege (1610-1643) |
Ondorengoa: Luis III.a |