Lunula (arkeologia)
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/8/8c/Blessington_lunula.BM.WG.31_%28cropped%29.jpg/220px-Blessington_lunula.BM.WG.31_%28cropped%29.jpg)
Lunula[oh 1] ilgora forma geometrikoa duen lepokoa edo bularrekoa da, Neolito berantiarrean, Kalkolitoan baina, batez ere, Brontze Aroan eta kasu gutxi batzuetan, Burdin Aroan erabili zena Europa Mendebaldean, edo hobe esanda, Atlantikoko Europan.
Urregintzako objektu arkeologiko hau urrez egin ohi zen, eta, batzuetan, bozelketa edo ebakiduraz apainduta zegoen. Europako hainbat tokitan aurkitu dira, baina bereziki ugariak dira Irlandan.[1] Zenbait kasutan letoizko, brontzezko eta zilarrezko lunulak topatu dira. Normalean lauak eta meheak izaten dira eta bukaeran, muturtxo lauak dituzte, espatula formadunak eta 45º edo 90º biratuta daudenak.
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/1/1e/Goldlunula.jpg/220px-Goldlunula.jpg)
Urrezko lunulak hiru taldetan banatzen dituzte arkeologoek: Klasikoa, Ez-osatua eta Probintziala. Gehienak Irlandan aurkitu dira, baina kopuru ertainak daude Europako beste leku batzuetan ere, Britainia Handitik hasi eta Atlantikoko kostaldetik hurbil samar dauden kontinenteko eskualdeetaraino. Nahiz eta zuzenean ez den datatu lunularik, beste artefaktu batzuekin agertu direnez, eta objektu horiek datatu ahal izan direnez, uste da K.a. 2400 eta 2000 urteen artean ekoiztu zirela;[2] Duela gutxi Irlandan aurkitutako lunula bati lotutako zurezko kutxa batek K.a. 2460 eta 2040 bitarteko erradiokarbono datazio tartea eman du.[3]
Lumulen ordez, urrezko torkeak erabiltzen hasi zituzten Irlandako Erdi Brontze Arotik aurrera, eta, ondoren, Brontze Aro Berantiarrean, urre fin ildaskatuzko "gorgerin" moduko lepoko ikusgarriak erabili zituzten. horietako batzuk, batzuk disko biribilak zituzten alboetan. Bederatzi adibide kontserbatzen direlarik, zazpi Irlandako Museo Nazionalean.[1]
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/e9/Gleninsheen_gold_gorget.jpg/220px-Gleninsheen_gold_gorget.jpg)
Burdin Aroko lunulak
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/d/db/L%C3%BAnula_lusitana_de_Ch%C3%A3o_de_Lamas_%28M.A.N._28589%29_01.jpg/150px-L%C3%BAnula_lusitana_de_Ch%C3%A3o_de_Lamas_%28M.A.N._28589%29_01.jpg)
Iberiar penintsulan hainbat ale aurkitu dituzte, bereziki Portugalen. Herrialde horretakoen artean, adibide nabarmena dira, beren kalitate artistikoagatik, Miranda do Corvoko (Coimbrako barrutia) Chão do Lamas hirian 1912an aurkituriko zilar bozelduzko bi lunula. K.a. II. mendekoak dira, lusitaniarren eskualdean, eta kalitate handiko beste pieza batzuekin batera agertu ziren, zilarrezkoak horiek ere. Gaur egun, Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean daude ikusgai, Madrilen. Museo Arkeologikoan Cuenca probintziako Salvacañeten, aurkitutako zilarrezko beste hiru lunula gordetzen dira. Burdin Arokoak horiek ere baina kasu horretan, zeltiberiarren eskualdean aurkituak.[4] Nafarroan, bestalde, Burdin Aroko Castejongo El Castillo aztarnategiko nekropolian, iberiar penintsulako lunulen kopuru handiena aurkitu da.[5]
Oharrak
- ↑ "Lunula" izena beste objektu batzuk ere izendatzeko erabili izan da, hala nola, erromatar garaian, neskek erabiltzen zuten babes-lepoko batzuk
Erreferentziak
- ↑ a b Wallace, Patrick F. eta O'Floinn, Raghnall (2002). Treasures of the National Museum of Ireland: Irish Antiquities, Dublin : Gill & Macmillan, ISBN 0-7171-2829-6
- ↑ Needham, S. 1996. "Chronology and Periodisation in the British Bronze Age" in Acta Archaeologica 67, 121–140 or.
- ↑ Cahill, Mary, (2006) John Windele's golden legacy—prehistoric and later gold ornaments from Co. Cork and Co. Waterford, Proceedings of the Royal Irish Academy, Lib.: 106C, 219–337 or., JSTOR
- ↑ (Gaztelaniaz) «Red Digital de Colecciones de Museos de España - Museos» ceres.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Faro Carballa, José Antonio. (2017). «Las lúnulas de la necrópolis de la Edad del Hierro de El Castillo (Castejón, Navarra)» Archivo Español De Arqueología 90: 171–193. doi: ..
Kanpo estekak
- Taylor,Joan J. (1979). "Early Bronze Age Technology and Trade: The Evidence of Irish Gold", Penn Museum
- Cahill, Mary. 2022. Looking at lunulae, bideo hitzaldia Youtuben. Archaeology Conference
- 2012ko apirilak 17. The Penwith Lunula BBC News
- Treasures of early Irish art, 1500 B.C. to 1500 A.D., The Metropolitan Museum of Art-en eginiko erakusketako katalogoa ( PDF formatuan deskarga daiteke katalogo osoa).