MATESA auzia

MATESA auzia Espainian izandako eskandalu politiko-ekonomiko handienetakoa izan zen, frankismo amaierakoa. MATESA (MAquinaria TExtil del Norte S.A.) 1956an sortutako familia-enpresa zen.

Iruzurra

1957an IWER izena eman zion iruteko makina baten patenteak erosi zituen. Ehun bat patente garatu ondoren, atzerrian saltzen joan zen. Argentinako industria ministroa Espainiara joan zenean, nazioarteko zabalpen hori oso urria izan zela geratu zen begi bistan, 1.500 makinatatik 120 bakarrik saldu baitzituzten. Besteak Argentinara bidali ziren, esportatzen zen itxura egiteko eta horretarako ematen zen dirulaguntza jaso ahal izateko, guztia dokumentuak manipulatuz eta kapitalak ilegalki mugituz eginik. 1964. urteaz geroztik, MATESAk dirulaguntza ilegalak jaso zituen, zenbait urtetan ia-ia bere finantziazio orokorraren laurdeneraino iritsi zirenak.

1969ko uztailaren 23an egin zuen eztanda; MATESA enpresari salaketa egin ondoren, Juan Vilá Reyes enpresaria eta beste akzionista batzuk atxilo hartu zituzten.

Kalteak

1983ko El País egunkariaren esanetan, iruzur egindako 9.800 milioi pezeta eta bankuari zor zion 1.300 milioiko interesa jasotzeaz arduratu zen batzordeak 6.900 milioi besterik ez zuen eskuratu eta guztia aseguru etxeek emana izan zen. MATESAri ezin izan zitzaion ezer kobratu eta Vila Reyesi ere ezer gutxi ez.

Epaia

Vilá Reyesi egotzi zitzaion zigorra:

  • 1967an, Tribunal Especial de Delitos Monetarios ("Diru Delituen Auzitegi Bereziak") 21.000.000 pezetako isuna jarri zion, 103,5 milioi pezeta atera nahi izan zituelako.
  • 1970ean, auzitegi berak 1.658 milioiko isuna eta hiru urteko kartzela zigorra egotzi zizkion. 1971ko irailean, Francisco Francok indultua eman zion, isuna barkatu kondonatu eta kartzela zigorra laurdenera jaitsi.
  • 1975eko maiatzean, 8.933 eta 590 milioi pezeta ordaintzera kondenatu zuten bi iruzur egiteagatik eta 417 faltsukeria dokumentu ofizialetan.

223 urteko kartzela zigorra ere jarri zioten eta beste 9.600 milioiko kalte ordainak itzuli behar zituen. 1976ko otsailean, Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra berretsi egin zuen.

Vilá Reyes kondenatu bakarra izan zen, Francoren ministro ohi Mariano Navarro Rubio, Juan José Espinosa San Martín eta Faustino García Moncó indultatuak izan baitziren.

1969an, eskandalua argitara atera zenean, enpresa enbargatu egin zuten. Lanean segitu zuen, baina epategiko administratzaile baten pean. 1983an enkantean atera zuten eta aurreko langileak izan zirenek 66.000 milioi pezeta hartu zuten. Enpresa berriko zuzendari nagusia Vílá Reyes izendatu zuten.

Eragin politikoak

Eskandalua apartekoa izan zen, prentsan izan zuen trataeragatik. Manuel Fraga zen Informazio ministroa garai hartan eta, frankismo garaiko iluntasuna hautsiz, gertatutakoa zabaldu egin zuen. Era berean, ez zen ohikoa izan ikerketa batzordearen osaketa eta egin zuen informe zorrotz hura: Mariano Navarro Rubio, Juan José Espinosa San Martín eta Faustino García Moncó, ministro ohiak eta López Rodó ministroaren gorabeherak kontatzen ziren zehatz-mehatz.

MATESA auzia eta Opus Dei

Herriaren aurrean bistan geratu zen falangista eta teknokraten artean zegoen lehia, frankismoaren zatiketa. Opus Deik bi aldetan banatuta zeuzkan kideak, iruzurra egin zutenean eta ezagutarazi zutenean eta, Vilá Reyesek esan zuenez, bera ez zen Opus Deikoa. Hala ere, Francori ez zitzaion gustatu gobernuan zeuden ika-mikak jendaurrean agertzea eta, iruzur egin zutenak kritikatu bazituen ere, salatu zituztenak ere bai eta Fraga eta José Solís Ruiz gobernutik apartatu egin zituen.

Kanpo estekak