Mars Exploration Rover

Mars Exploration Rover (MER) misioa, Marte aztertzea helburu duen NASAren misio espaziala da. Misio hau aurrera eramateko, NASAk 2 rover (Spirit eta Opportunity) bidali ditu Martera, lurrazala eta planetaren geologia aztertzeko. Mars Exploration Rover misioa NASAk Marte aztertzeko duen programaren parte da. Programa horrek Martera bi zunda bidaltzea lortu du jadanik, Viking 1976an eta Mars Pathfinder 1997an.

NASAk Marteren jarri dituen rover ibilgailuek azterketa mineralogikoak egin dituzte. Arrakasta izanez gero, hurrengo pausoa Martetik laginak ekartzea izan daiteke.

Rover robotak eraikitzea, aireratzea eta Marten lehenengo 90 egunean (misioa iraun behar zuen denboran, alegia) funtzionaraztea 820 milioi dolar kostatu zen (680 milioi euro gutxi gorabehera). Baina robotek lanean jarraitu zuten, eta ondorioz misioaren finantzaketa 2009 arte luzatu zen.

Spirit eta Opportunity rover robotek hainbeste informazio garrantzitsu bildu dutenez, bi asteroide izendatu dira bi robot horien ohorez: 37452 Spirit eta 39382 Opportunity.

Helburuak

Misioaren helburu nagusia ura duten edo noizbait izan duten arrokak eta lurra bilatu eta analizatzea da. Beste helburu batzuk hauek dira:

  • Azaleko egiturak sortu zituzten indarrak zein izan ziren ezagutzea, eta indar horiek aurkitzen badituzte, zergatik amaitu ziren arakatzea.
  • Marte hasieran lurra bezalakoa bazen, hau da, epela eta hezea, aztertzea.
  • Marteko geologia ahalik eta gehien aztertzea, arroka eta mineralen banaketa eta konposizioa zehaztea.

Misioan sortutako arazoak

2004ko urtarrilaren 21ean, NASAren Deep Space Network sareak Spirit robotaren seinalea galdu zuen, haien ustez Australiaren gainean zegon ekaitz baten ondorioz. Roverrak daturik gabeko mezu bat bidali zuen 21ean, eta geroago komunikazio saio bat galdu zuen Marteren orbitan zegoen Mars Global Surveyor zundarekin, egun berean. Hurrengo egunean, 22an, JPl-an erantzun labur bat jaso zen, roverrak arazoak zituela adierazten zuena. 23an misioaren taldeak roverrak datu gehiago bidaltzea lortu zuten. Roverrak ez zuen ikerkuntza gehiago egin 10 egunean, robotaren flash memorian arazo bat zegoelako. Hala ere, ingeniariek arazoa konpontzea lortu zuten, roverraren softwarea eguneratuz. Spiritek bere ikerkuntzak osorik jarraitu zituen otsailaren 5ean. Hori izan da misio honek izan duen arazorik larriena.

2006ko martxoaren 13an, Spiriten gurpil batek funtzionatzeari utzi zion. Spirit oraindik lanean ari da, baina hondatutako gurpila herrestan daramala.

Spirit eta Opportunity roverrak izendatzea

Spirit eta Opportunity roverrak idazlan lehiaketa baten bidez izendatu zituzten. Irabazlea Sufi Collis izan zen, 9 urteko ikaslea. Hona hemen idatzi zuen testua, ingelesez:

«

I used to live in an orphanage.

It was dark and cold and lonely.

At night, I looked up at the sparkly sky and felt better.

I dreamed I could fly there.

In America, I can make all my dreams come true.

Thank you for the 'Spirit' and the 'Opportunity.

»


Hala ere, NASAk bere barne dokumentuetan bi rover horiek MER-A (Spirit) eta MER-B (Opportunity) izendatzen ditu.

Kanpo estekak