Otto Blehr
Otto Albert Blehr (Stange, 1847ko otsailaren 17a – Oslo, 1927ko uztailaren 13a) norvegiar kazetari, epaile eta politikaria izan zen. Norvegiako lehen ministroa izan zen 1902tik 1903ra eta 1921etik 1923ra.
Stangeko etxalde batean hazi zen eta Osloko Unibertsitatean lizentziatu zen zuzenbidean 1871n. Bi egunkaritako kazetari parlamentarioa izan zen, eta beste egunkari batzuetako editorea ere izan zen. Nordre Bergenhusko (1883-1888) eta Nordlandeko (1895-1900) gobernadorea izan zen.
Stortingeko diputatua izan zen Alderdi Liberalaren hautagaitzan, eta bere jarduera politikoa abokatu, fiskal eta epaile eginkizunekin txandakatu zuen. Ministro ere izan zen behin baino gehiagotan.
1902tik 1903ra Norvegiako lehen ministroa izan zen Suedia eta Norvegiaren arteko Batasunean. Batasuna desegin ondoren, Norvegiako lehen ministro izatera itzuli zen 1921etik 1923ra. 1903tik 1927ra Nobel Sariaren Norvegiako Batzordeko auditorea izan zen.
Randi Blehr feministarekin ezkonduta egon zen eta biek Emakumeen Eskubideen aldeko Norvegiako Elkartea sortu zuten.