Paloma Chamorro

Paloma Chamorro
Bizitza
JaiotzaMadril1949ko urtarrilaren 11
Herrialdea Espainia
Heriotza2017ko urtarrilaren 29a (68 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta telebista aurkezlea
Enplegatzailea(k)Televisión Española
MugimenduaLa movida madrileña

Discogs: 4231492 Edit the value on Wikidata

Paloma Chamorro (Madril, 1949ko martxoaren 4aRobledo de Chavela, Madril, 2017ko urtarrilaren 29a) madrildar kazetaria, filosofoa eta aurkezlea izan zen, La movida madrileña izeneko kultur mugimenduarekin lotura estua izan zuena.[1][2][3]

Bizitza

Filosofian lizentziatu zen. Arte plastikoan, musikan eta literaturan ezagutza zabala zuen, eta Prodomo antzerki talde independenteko kidea izan zen.[4]

Lan ibilbidea

Espainiako Telebistan hasi zen lanean hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, kultura zein arte eta literaturaren dibulgazio-saioetan, hala nola Galería (1973-1974), Fernando Méndez-Leitek zuzendua, Cultura 2 (1975), Encuentros con las artes y las letras (1976-1977),[5] Trazos (1977) edo Imágenes (1978-1981). Saio horiei esker, hainbat pertsonaia ospetsuri elkarrizketak egiteko aukera izan zuen, besteak beste, Salvador Dalí margolari, eskultore, diseinatzaile, idazle zein zinemagileari edo Joan Miró margolari, eskulturgile, grabatzaile eta zeramikari katalanari.

1977ko apirilean Trazos telebista saioan hasi zen lanean Ramon G. Redondorekin batera. Gero, 1978ko ekainera arte, zuzendaria izan zen, saioa amaitu arte. Urte bereko urrian beste espazio bat zuzentzen hasi zen La 2 Katean, Imágenes izenekoa, arteari eskainia.[4]

Hala ere, ospea La edad de oro (1983-1985) telebista-saioarekin lortu zuen, Espainiako laurogeiko hamarkadako azken joera kulturalak eta, bereziki, musikalak publikoari erakusteko plataforma izan zen. Uneko joera abangoardistenen erakusleihoa izan zen saioa, eta aurkezle eta zuzendaria "La movida madrileña" delakoaren Musa bilakatu zen. Saioan izan ziren nazioarteko artisten artean, besteak beste, Lou Reed, The Smiths, The Lords of the New Church edo Johnny Thunders egon ziren, eta Madrilgo mugidaren erreferente batzuk ere igaro ziren: Alaska y los Pegamoides, Paralisis Permanente, Alaska y Dinarama, Kaka de Luxe, Radio Futura, Los Rebeldes, Loquillo, Danza Invisible edo Almodóvar & McNamara.[4]

Garai horretan afterpunk estetika batekin landu zuen bere irudia, bere orrazkera xelebreak sinbolizatzen zuena, ordutik bere nortasunari lotua.

1987ko apirilean La Estación de Perpiñán izeneko saio berria hasi zuen, zeinaren edukia ere kulturala baitzen. Lehen espazio blokeak 1987ko uztailera arte iraun zuen. 1988ko irailean, La Estación de Perpiñán saioaren bigarren etapan itzuli zen, munduko artistekin elkarrizketak egiteko espazioekin.[4]

1988ko urriaren 29an, Paloma Chamorrok La realidad invertida ekoizpen propioko espazioa estreinatu zuen, artista garaikide garrantzitsuenei eskainitakoa, bere ekoizpen nabarmenena eta bere ibilbide profesionaleko gertakari esanguratsuenak jaso zituelarik. Elkarrizketatuen artean, beteak beste, Joan Miró, Robert Mapplethorpe, Keith Haring, George Condo eta David Hockney egon ziren. Saio hori 1989ko urtarrilera arte emititu zen.[4]

Blasfemia akusazioa

1985ean, blasfemia delitua leporatuta auzipetu zuten Paloma Chamorro, 1984ko urriaren 17an Moon Child talde britainiarrak egindako bideo musikal bat emateagatik: animalia baten buruarekin gurutziltzatutako giza irudi bat agertzen zen bertan. Emanaldia hasi baino lehen, Chamorrok ikusleei ohartarazi zien saioko edukiren batek mindu egin zezakeela haien sentsibilitatea. Gainera, aurretik ere ikusia zuen bideoa bere buruzagiekin batera, eta hauek iraingarria ez zela uste zutenez, emititzeko oniritzia eman zuten.[4]

Gero, 1990ean Madrilgo Probintzia Auzitegiak emandako epaiaren bidez absolbitu egin zuten, urte horretako irailaren 25ean egindako ikustaldiaren ostean. Fiskalak, hasiera batean, hilabeteko atzipenaldia eta 100.000 pezetako isuna eskatu zituen, baina epaiketa egin aurretik akusazioa erretiratu zuen, eta Auzitegiaren aurrean berretsi zuen ez zuela aurkezlea salatuko. Juan Riu Izquierdo Burgoseko abokatuak, ordea, salaketa aurkeztu zuen ikusle gisa, eta auziarekin aurrera jarraitu zuen: 2 urte, 4 hilabete eta egun bat eskatu zituen aurkezlearentzat, eta 75000 pezetako isuna.[4]

Auzitegi Gorenak 1993an absoluzio epaia berretsi zuen.[6]

Azken urteak eta heriotza

Gerora, eta noizbehinka, arteari buruzko erreportajeak eta dokumentalak egiten jarraitu zuen TVErako, hala nola Maruja Mallo margolariaren omenezko saio monografikoa (1995) edo Francisco Goyaren jaiotzaren 250. urteurrenekoa (1997).[1]

2017ko urtarrilaren 29an, bihotzekoak jota hil zen, 68 urte zituela.[4]

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. a b Muere Paloma Chamorro, presentadora de «La edad de oro» e icono de la Movida. Madrid 29 de enero de 2017.
  2. (Gaztelaniaz) Redacción. (2017-01-30). «Muere Paloma Chamorro, mítica presentadora de 'La edad de oro' en TVE» Vertele (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  3. (Gaztelaniaz) Navarro, Fernando. (2017-01-30). «Muere Paloma Chamorro, un símbolo de la movida madrileña» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  4. a b c d e f g h Muere la periodista Paloma Chamorro, símbolo del aperturismo y modernidad de TVE. 30 de enero de 2017.
  5. [https://web.archive.org/web/20141205124021/http://www.catedra.com/cgigeneral/newFichaProducto.pl?obrcod=2678652&id_sello_editorial_web=01&id_sello_VisualizarDatos=01 «La televisi�n durante la Transici�n espa�ola»] web.archive.org 2014-12-05 (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  6. La entrevista más incorrecta de Paloma Chamorro: “La Movida era ir a comprar hachís”. El Español 31 de enero de 2017.

Kanpo estekak