Panpa
Panpa[1] (ketxuaz: pampa, «ordokia») Hego Amerikako ordoki zabala da, 750.000 kilometro koadroko eremua hartzen duena Argentinako erdi-ekialdean, Uruguaiko zati handienean, eta Brasilgo Hegoaldeko Rio Granden.
Izena
Espainiarrek XVI. mendean eskualdera Andeetatik behera heldu zirenean, ordokiari pampa izena eman zioten. Pampa edo bamba ketxuaz «ordoki» esan nahi duelako edo, hobeto esanda «mendien arteko ordokia». Bertako biztanleei, metonimiaz, izen bera jarri zieten.
Kokapena
- Argentina
- Entre Rios osoa
- Santa Feko hegoaldea
- Ia Cordoba osoa
- La Pampa osoa
- Ia Buenos Aires osoa
- San Luiseko hego-ekialdea
- Ia Uruguai osoa
- Brasilgo Hegoaldeko Rio Grande
Azpi-eskualdeak
- Barneko Panpa: Buenos Airesko mendebaldean, La Pampako iparraldean, Cordobako hegoaldean eta San Luiseko ekialdean kokatuta.
- Panpa uhindua: Buenos Airesko kostaldetatik, Parana ibairaino eta Tandilia eta Ventania mendilerroetatik Carcarañá ibairaino.
- Panpa behea: Buenos Airesko Salado ibaiaren arroan kokatuta.
- Goiko Panpa: Cordoba eta San Luisko mendilerroen ondoan kokatua.
Historia
XVI. mendearen lehenengo erdialdean iritsi ziren espainiarrak lurralde honetara. Tribu nomadak bizi ziren han eta ehizean jarduten zuten, nagusiki. Kitxuak, antigoiak, pehueltxeak, manzaneroak eta tehueltxeak ziren talderik garrantzitsuenak. Sebastian Cabotoren espediziokoak ziren Pampa esploratzen hasi ziren lehenengo konkistatzaileak, Francisco Cesarren agindupean (1528). 1536. urtean, lehenengo abereak eraman zituzten Pedro de Mendozak eta bere gizonek, eta ondoren zabaldi osora hedatu zen abere hazkuntza.
XVI. mendearen bukaeran osorik esploratu zuen Pampa Hernando Arias de Saavedrak. Espainiarren eta bertakoen arteko harremanen ondorioz, abere hazkuntzari ekin zioten hauek eta gautxo izeneko abeltzainak sortu ziren. Halere, Pampako lurraldeko alde handi bat ezin izan zuen gobernuak menderatu, ez espainiarrak eta ez argentinarrak, XIX. mendearen bigarren erdialdea arte.
Lurralde honek nekazaritzarako eskaintzen zituen aukerak zirela eta, beren burujabetasuna mantentzen zuten indiar herriak menderatzeko helburua zuen lehenengo espedizioa (José Félix Aldaoren agindupean) antolatu zuten Mendozako eta Buenos Airesko gobernuek. Juan Manuel de Rosasen diktadura garaian (1835-1852 urteetan) bete zen helburu hori, gehienbat. 1839. urtean Ramírez eta Ramos jeneralek rankel indiar herria garaitu ondoren, indiar guztiak menderatuak izan ziren. 1879. urtean Argentinako gobernuaren eskuetara igaro zen Pampa.
Ekonomia
Nekazaritza (garia, artoa, luzerna, olioa, patata, fruituak) eta abere hazkuntza (ardi-azienda, behi-azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Laboreak eta haragia esportatzen ditu, eta itsasbide eta burdinbide sare garrantzitsuak ditu.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/08/15 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Erreferentzien aurreikuspena
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .