Pio XII.a
Pio XII.a[1] (latinez: Pius PP. XII), jaiotzez Eugenio Maria Giuseppe Giovanni Pacelli Graziosi (Erroma, 1876ko martxoaren 2a - Castel Gandolfo, Vatikano Hiria, 1958ko urriaren 9a), Eliza Katolikoko 260. Aita santua izan zen 1939ko martxoaren 2tik bere heriotzaren egunera arte.
Bizitza
Teologiako eta Zuzenbide Kanonikoko ikasketak egin zituen Unibertsitate Gregoriarrean eta 1899an, apaiz egin ondoren, Vatikanoko estatuko idazkaritzan sartu zen. Artzapezpiku egin zuten 1917an eta, Bavariako nuntzio izan ondoren, Berlinen izan zen sei urte geroago. 1929an kardinal izendatu zuten eta Erromara itzuli zen Pio XI.aren estatu idazkari izateko. Kargu horretan Europako zenbait herrialderekin itunak edo konkordatuak izenpetu zituen, besteak beste III. Reicharekin (1933).
1939an hautatu zuten Aita santu eta Pio XII.a izena hartu zuen aurreko Aita santuaren omenez. Lehen hilabeteetan Bigarren Mundu Gerra geldiarazten saiatu zen eta gerra garaian nazionalsozialismoaren eta faxismoaren gehiegikeriak salatu zituen, jarrera ofiziala neutraltasunezkoa hartu bazuen ere. Laguntza Batzorde Pontifikala sortu zuen, gerrak eragindako sufrimenduak arintzeko.
Gerra amaitutakoan, idazki eta mezu ugari bidali zituen komunikabideetara kristauen munduari jarrera moralari buruzko gida bat eskaintzeko eta, besteak beste, komunismoaren aurkako jarrera oldarkorra erakutsi zuen. Kardinalen kolegioan italiarren botere absolutua ezabatu zuen 1946an; ordutik aurrera italiarrak gehien izan diren arren, kultura eta herrialde askotako kardinalak egon izan dira. Teologiaren arloari dagokionez Bibliaren azterketa bultzatu eta dotrinaren desbideraketak gaitzetsi zituen Humani generis entziklikaren bidez (1950). XX. mendean ex cathedra dogma definitu zuen Aita santu bakarra izan zen; izan ere, 1950ean, Munificentissimus Deus konstituzio apostolikoaren bidez, Mariaren Jasokundea dogma zela aldarrikatu zuen (katoliko orok sinistu beharreko egia errebelatua).
1958ko urriaren 9an hil zen, bihotzekoak jota. Paulo VI.ak hasi zuen haren beatifikazio prozesua, 1965ean, eta 2000ko irailean Joan Paulo II.ak Beneragarri titulua eman zion (dohatsu izendatu aurreko azken etapa).
Kaleak
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/01/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pio XII.a |
- (Ingelesez) Pio XII.a Vatikanoko webgunean, w2.vatican.va
- Critical Online Edition of the Nuncial Reports of Eugenio Pacelli (1917–1929), pacelli-edition.de