Pitxartxar nabar
Pitxartxar nabar | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Muscicapidae |
Generoa | Saxicola |
Espeziea | Saxicola rubetra Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,06 g |
Zabalera | 22 cm |
Kumaldiaren tamaina | 5,3 |
Errute denbora | 13 egun |
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/7/79/Saxicola_rubetra_MHNT.ZOO.2010.11.192.1.jpg/220px-Saxicola_rubetra_MHNT.ZOO.2010.11.192.1.jpg)
Pitxartxar nabarra (Saxicola rubetra) muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, Europan eta mendebaldeko Asian bizi dena[1].
Bizkarraldea, begiazpiak, hegoak eta isatsaren gaina arre ilunak, eta papoa eta sabelaldea zurixkak dituena. Pitxartxar burubeltzaren lurralde bertsuetan bizi da, eta habia egiteko eta jateko ere haren ohitura berak ditu.[2]
Pitxartxar nabar (Saxicola rubetra)
Deskribapena
13 cm inguruko tamainakoa. Silueta biribildua, buztan motzarekin. Normalean tente jartzen da sastraketan, zuhaixketan, harkaitzetan, hesi-zutoinetan edo ikuspen ona duten beste puntu batzuetan, lur zati on bat menderatzeko aukera ematen diotenak. Momentu bakoitzean, hankak tolestu, buztana altxatu eta jaisten ditu edo hegoak ireki eta itxi, atseden txiki bat hartzen uzten ez dioten nerbio-tikak. Pixka bat pausatu ondoren, gertuko pertza batera hegan egiten du, hegaldi uhintsu eta jauzika eginez, edo lurrera jaisten da eta une batez, intsektu bat harrapatu eta berriro pertxara itzultzen da.
Ez ditu kolore biziak; goiko aldeak arrexkak, marra gris eta ilunez marratuak. Burua eta muturra arre iluna bekain zuri bereizgarriarekin. Lepoaren alboetan orban markatua, hau ere zuria, marra mehe batean luzatzen dena mokoaren oinarriraino. Lepoa eta bularra gorrixkak, beherantz gainontzeko zatietan zuri-krema kolorez lausotu egiten dira. Bi orban zuri buztanaren oinarriaren alboetan eta beste bat hegoetan, hegaldian pausatuta dagoenean baino gehiago ikusten direnak. Mokoa eta hankak beltzak.[3]
Biologia eta ohiturak
Saharako hegoaldeko Afrikako estepetan negua pasatzen duen udako bisitaria. Udaberriaren amaieran itzultzen da, apirilean hasita, maiatzetik aurrera ugaltzeko.
Lurrean egiten du habia, belar altuen edo zuhaixka batzuen estalki baten azpian ondo ezkutatuta, bertan, belarrez, goroldioz eta ilez osatutako habia egiten du, batez ere emeak egiten du. Denbora horretan eta inkubazio osoan, arra, gehiago arduratzen da kantatzeaz, bere lurraldea markatzeko eta balizko lehiakideak urruntzeko, nahiz eta noizean behin janari pixka bat ekartzen dion txitatzen dagoen emeari.
Arrautzak orban gorrixkekin urdin-berdexka koloreko 5 edo 6 izan ohi dira, eta hauetatik ateratzen dira txitak 14-15 egun igaro ondoren, nidikolak. Emeak normalean 2 edo 3 egun gehiago etzanda estaltzen ditu, gero arrari laguntzen dio gizentzen.
Txitak 15 bat egun igaro ondoren uzten dute habia, hegan egin baino lehen. Egun batzuk gehiago belarretan ezkutatutarik hazten dira, gero alderrai gurasoekin ibiltzeko, familia talde zaratatsuetan, migrazioari ekiteko sakabanatu arte. Hemendik ateratzen dira abuztua eta urriaren hasiera bitartean.
Intsektuak, armiarmak, harrak eta beste ornogabe txiki batzuk jaten dituzte.
Banaketa, habitata eta egoera
Europan eta Asiako mendebaldean hedatzen da, Atlantikoaren eta Siberiaren artean. Klima borealean, epelean eta, lokalizatua, mediterraneoan ugaltzen da. Iberian Pirinioen magalera, Kantauriar eta Iberiar mendilerroetara mugatua.
Iberiar penintsulan beti iparraldeko kidetasun argia egotzi zaion espeziea izan arren, ez da batere ohikoa Euskal Herrian. Beraien populazioa hemen urria eta oso lokalizatua da. Bi habitat motatara mugatuta agertzen da, bata menditarra, belardiz eta txilardiz osatua, heskai, ipuru eta sakabanatuta dauden beste zuhaixka batzuekin tartekatua, 1000 m inguruko altueran, Aralarren, Salvadan eta Iturrieta Entziako goi lautadatan eta bestetik, Arabako Lautadako belardi hezeetan, 500-550 m inguruko altueran.
Azken habitat mota honetan aurkitzen da Gasteiztik gertu eta Uribarri urtegiaren ertzetako paduretan. Hala ere, ez ditu okupatzen Kantauri isurialdean hain ugariak diren mozten diren belardiak, espezierako egokiak direla sarritan aipatu izan direnak, eta hemen haien kideko pitxartxar burubeltza ugariagoa da.
Erreferentziak
- ↑ Svensson, Lars; Peter J. Grant (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 242 or. ISBN 84-7542-639-5..
![]() |
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |