SM-liiga
SM-liiga | |||
---|---|---|---|
| |||
Berezko izena | Suomen mestaruus liiga | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Antolatzailea | Izotz-hockey Federazioa | ||
Arduraduna | Jukka-Pekka Vuorinen | ||
Sorrera | 1975 | ||
Talde kopurua | 14 | ||
Webgune ofiziala (Finlandieraz) |
SM-liiga Finlandiako izotz-hockey txapelketa nagusiena eta Europako garrantzitsuenetarikoa da. 1975. urtean sortu zen, amateurren ligatzat jotzen zen SM-sarjaren ordez. SM Suomen mestaruus-en laburpena da, euskaraz Finlandiako Txapelketa esan nahi duena.
Liga Finlandiako hamalau izotz-hockey taldek jokatzen dute, taldeek lehen maila honetara edo honetatik meritu propioengatik baino ezin dira igo edo jaitsi, 2000. urtean erabaki zenaren arabera. Hala ere, azken urtetan liga berriz irekitzea proposatu dute; azken igoera KalPa taldearena izan zen 2005-06 denboraldian.
Gaur egun, Bielorrusia, Errusia, Kazakhstan eta Letonia herrialdeetako taldeek jokatzen duten Hockey Liga Kontinental internazional berriaz gain, SM-liiga Europako liga nazional garrantzitsuena da Izotz-hockey Erakundeen Nazioarteko Federazioaren (IIHF) arabera [1].
Historia
Jokalarien eta kirol-enpresen mundua egonkortzeko asmoarekin sortu zen SM-liiga 1975. urtean. Finlandiako Izotz-hockey Federazioak SM-Sarja liga deuseztatu eta jokalarien ordainketa, kontratazio eta babes eta diru-laguntzak egonkortu zituen; gainera, Europan oraindik arrotza zen Play-Off egitura erantsi zion liga amaierari.
Hasieran, txapelketak hamar talde baino ez zituen eta sailkapeneko lehenengo lau taldeek jokatzen zituzten Play-Off kanporaketak. SM-Sarja bigarren mailako lehiaketa bezala kokatu zen eta bien arteko jaitsierak eta igoerak onetsi zituzten hasiera batean. Liga formatu honek zaleak erakarri zituen zelaietara eta 1988-1989 denboraldian hamarretik hamabi taldera igaro zen.
90eko hamarkadan zelaira gerturatzen zen zaleen kopurua 1,8 miloi zalera iritsi zen eta hamarkada erdirako jokalari guztiek ohiko kontratuak sinatuak zituzten [2]..

2000-01 denboraldirako kirol-elkarteek erakutsi zuten gaitasunagatik jaitsierak eten ziren. Hala ere, 2002-03 eta 2005-06 denboraldietan Oulun Kärpät eta KalPa taldeak igo ziren Mestis bigarrengo mailatik erakutsitako joko onagatik.
Egitura
SM-liiga bi zati ezberdinetan banatzen da; Denboraldi erregularra eta Play-Offak.
Denboraldi erregularra
Liga iraila erdialdetik martxoraino irauten du eta hamalau taldeek parte hartzen dute. Talde bakoitzak 58 partidu jokatzen ditu, liga osatzen duten gainontzeko taldeen aurkako 56 eta inguruko hirietan dauden taldeen aurkako 2. Partidu bakoitzak 20 minutuko hiru zati ditu, guztira 60 minutu, eta puntuak lortzeko irabazi beharra dago. Partidua berdinketan amaitzen bada, 5 minutuko luzapena egoten da, eta hau ere berdinketan amaitzen bada, partidua penaltietan erabakiko da. Puntuaketa sistema berezia dago: partida lehenengo 60 minutuetan irabaziz gero, hiru puntu lortzen dira; luzapenean irabaziz gero, bi; eta penaltietan irabazten bada aldiz, puntu bakarra.
Ligako sailkapenak ez ditu jaitsierak baldintzatzen, taldeek erakusten duten jokoak baizik.
Play-Offak
Denboraldi erregularra amaitzen denean, sailkapeneko sei talde onenak Play-Offeko final-laurdenetara igarotzen dira zuzenean; zazpigarren postutik hamargarren bitartekoak Play-Offean parte hartzeko gelditzen diren bi lekuak jokatzen dituzte 3 partidutara.
2007-08 denboralditik aitzin, kanporaketa guztiak zazpi partidutara jokatzen dira eta Denboraldi Erregularreko sailkapenean lortutako postuaren arabera kokatzen dira taldeak kanporaketa taulan; hau da, sailkapeneko buruak beti azkenengoaren aurka jokatzen dute lehenengo kanporaketan. Irabazleak urrezko domina eta Kanada-malja kopa, Kanada kopa euskaraz, izeneko kopa irabazten du eta bigarrenak eta hirugarrenak aldiz, zilarrezko eta brontzezko dominak.
Kanporaketak hilabete bat irauten du gutxi gorabehera, martxotik apirilera eta ezberdintasun bakarra partidua berdinketan amaitzen denean agertzen da; izan ere, luzapenak 20 minutukoak dira eta gola markatzen duen lehenak irabazten du partidua.

Taldeak
Ässät | Pori | Porin jäähalli | Alpo Suhonen | |||
Blues | Espoo | LänsiAuto-areena | Petri Matikainen | |||
HIFK | Helsinki | Helsingin jäähalli | Kari Jalonen | |||
HPK | Hämeenlinna | Patria-areena | Jukka Rautakorpi | |||
Ilves | Tampere | Hakametsän jäähalli | Sakari Pietilä | |||
Jokerit | Helsinki | Hartwall-areena | Glen Hanlon | |||
JYP | Jyväskylä | Synergia-areena | Risto Dufva | |||
KalPa | Kuopio | Kuopion jäähalli | Pekka Virta | |||
Kärpät | Oulu | Oulun jäähalli | Matti Alatalo | |||
Lukko | Rauma | DNA-areena | Rauli Urama | |||
Pelicans | Lahti | Isku-areena | Hannu Aravirta | |||
SaiPa | Lappeenranta | Kisapuiston jäähalli | Ari-Pekka Selin | |||
Tappara | Tampere | Hakametsän jäähalli | Mikko Saarinen | |||
TPS | Turku | Turkuhalli | Kai Suikkanen |
Antzinako taldekideak
Aurreko denboraldietan jokatu izandako taldeen zerrenda:
- Sport 1976. urtean jaitsi zen.
- FoPS 1977. urtean jaitsi zen.
- KOO-VEE 1980. urtean jaitsi zen.

- KooKoo 1990. urtean jaitsi zen.
- JoKP 1992. urtean jaitsi zen.
- TuTo 1996. urtean jaitsi zen.
Irabazleen sailkapena
Kanada-malja SM-liigako garaikur garrantzitsuena irabazi dutenen sailkapena:
- TPS: 10 txapelketa
- Tappara: 8 txapelketa
- Jokerit: 5 txapelketa
- Kärpät: 5 txapelketa
- HIFK: 3 txapelketa
- Ässät: txapelketa 1
- HPK: txapelketa 1
- Ilves: txapelketa 1
Sariak
Taldeko sariak
- Aaro Kivilinnan muistopalkinto: Herrialdeko talde onena eta erregularrenari ematen zaio.
- Harry Lindbladin muistopalkinto: Denboraldi erregularreko irabazleari ematen zaion trofeoa; hala ere, ez da sari esanguratsua.
- Kanada-malja: Taldeen helburu nagusia Play-Off kanporaketak irabaztea da; hau lortzen duenak urrezko domina bat eta Kanada-malja kopak irabazten ditu, izotz-hockey finlandiarreko sari nagusiak. Bigarrenak eta hirugarrenak aldiz, zilarrezko eta brontzezko dominak irabazten dituzte urrenez urren.
Banakako sariak
Sariak bi eremutan banatzen dira: SM-liigak banatzen dituen sarietan eta jokalarien elkarteak banatzen dituenetan.
- Aarne Honkavaara -palkinto: Denboraldi erregularreko gol gehien sartu dituen jokalariari ematen zaio.
- Jari Kurri -palkinto: Play-Offeko jokalari onenak jasotzen du.
- Jarmo Wasaman muistopalkinto: Debuta egiten duen denboraldiko jokalari onenaren saria.
- Juha Rantasila -palkinto: Jokalariek banatzen duten saria da eta SM-liigako gol gehien sartu dituen atzelariari ematen zaio.
- Kalevi Numminen -palkinto: Entrenatzaile onenak jasotzen du.
- Lasse Oksanen -palkinto: Denboraldi erregularreko jokalari onena.
- Matti Keinonen -palkinto: Jokalari eraginkorrenari ematen zaio.
- Pekka Rautakallio -palkinto: Atzelari onenak hartzen du.
- Pentti Isotalo -palkinto: Kanpoko arbitro onenarentzat.
- Raimo Kilpiö -palkinto: Kiroltasuna erakusten duen jokalariak jasotzen du.
- Unto Wiitala -palkinto: Zelaiko arbitro zuzenenari ematen zaio.
- Urpo Ylönen -palkinto: Atezain onenarentzat.
- Urrezko kaskoa: Jokalariek erabakitzen duten SM-liigako jokalari onenari ematen zaio.
- Urrezko txilibitua: Jokalariek erabakitzen duten arbitro onenak jasotzen du.
- Veli-Pekka Ketola -palkinto: Gol gehien sartzen dituen jokalaria.
Ikus, gainera
Argazki gehiago
Erreferentziak
Kanpo estekak
- (Finlandieraz) Annabet
- (Finlandieraz) Finlandiako Izotz-hockey Federazioa
- (Finlandieraz) MTV3
- (Finlandieraz) Nelonen