Stolperstein
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/e5/Stolperstein_bat_Zarautzen.jpg/220px-Stolperstein_bat_Zarautzen.jpg)
Stolperstein (hitzez hitz, "estropezu egiteko harria" alemanez; plurala, Stolpersteine) galtzada-harri baten tamainako oroigarria da, kalean jartzen den memoria historikoari dagokiona. Bertan nazismoak kontzentrazio-esparruetan jazarri edo hildako biktimen izena eta bizitzaren datuak idazten dira. Stolpersteinak Gunter Demnig alemaniar artistak 1992an hasitako arte-proiektua dira, oraindik garatzen ari dena. Haren helburua pertsonen azkeneko etxebizitza edo, kasu batzuetan, lantokian oroimena piztea da. Biktima horiek nazismoaren jazarpena jaso zuten moduren batean, izan kontzentrazio-esparruetara deportatuz, eutanasia, eugenesia edo ihes egiteko beren buruaz beste eginez. 2018ko martxoaren 29an, 67.000 stolperstein zeuden jada 22 herrialdetan[1], munduko memorial deszentralizaturik handiena[2][3].
Stolperstein gehienek Holokaustoaren biktima juduak oroitzen dituzte. Badaude beste batzuk sinti eta ijitoen aurkako jazarpenaren oroitzapenetan, homosexualak, ezgaituak, Jehovaren Lekukoak, beltzak, Alemaniako Alderdi Komunista zein Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako kideak, Europako nazismoaren aurkako Erresistentzia, masoiak edo Espainiako Gerra Zibileko Nazioarteko Brigadak gogoratzekoak, desertatu zuten militarrak, kontzientzia-eragozleak... orokorrean, nazismoa pairatu zuten kolektibo guztiak.
Euskal Herrian ere badira deportatutakoak gogoratzeko stolpersteinak[4][5], eta frankismoaren biktimak omentzeko ere tupustarriak deiturikoak jarri izan dira[6].
Erreferentziak
- ↑ CNN, Atika Shubert and Nadine Schmidt,. «Holocaust mini-memorials go missing amid far-right backlash» CNN (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- ↑ «Theatrical release of award-winning doc Stumbling Stone : Documentary Campus e.V.» www.documentary-campus.com (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- ↑ «Mapping Zebras - Visualizing spatial contrasts with open data and web maps (2015/16)» infovis.fh-potsdam.de (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Zarautz homenajea a dos vecinos que estuvieron en campos de concentración nazis» naiz: 2015-03-27 (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Mañana homenaje a las víctimas locales del Holocausto nazi Rebollo y Ascasibar» diariovasco.com 2017-01-25 (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Colocarán «adoquines brillantes» por las víctimas del franquismo» GARA 2015-06-28 (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).