Ted Hughes
Ted Hughes (Mytholmroyd, Yorkshire, Erresuma Batua, 1930 – Devon, Erresuma Batua, 1998) ingelesezko idazlea eta poeta izan zen. Jaioterriko dialektoan idatzi zituen bere lanak.
Hasierako poemetan Yorkshireko eremu babesgabeetan ikusten zuen animalia harraparien, hegaztien eta ehiztarien basakeria deskribatu zuen. The Jaguar (Jaguarra) eta Hawk Roosting (Zapelatzaren pausatzea) poemetan, esate baterako, animalien bizitzaren basakeriaren eta bizitasunaren arteko aurkakotasuna erretratatu zuen. Bizitza naturalaz egin zituen gogoetak oso errealistak dira, eta animalien eta gizakien esperientziak lotzen dituen balio sinbolikoa dute. Hughesen lanetan beti agertzen dira jatorri bateko eta besteko folklorearen eta mitoaren elementuak, eta horrekin guztiarekin bere mitologia pertsonala osatu zuen.
Cambridgeko Unibertsitatean ingeles literatura, arkeologia eta antropologia ikasi zituen, eta han ezagutu zuen Sylvia Plath estatubatuar poeta. 1956an ezkondu eta Estatu Batuetara jo zuten. Estatu Batuetan, 1958ko Guinnes poesia-saria jaso zuen, The Hawk in the Rain (1957, Zapelatza euritan) poema-liburuagatik. Guggenheim Fundazioaren beka bati esker, 1959 arte egon ahal izan zen Estatu Batuetan, eta bitarte hartan idatzi zuen Lupercal (1960) liburua, Somerset Maugham saria eta Hawthornden saria irabazi zituena. 1963an Hughes eta Plath banandu egin ziren, eta Plathek bere buruaz beste egin zuen urte berean. 1998an, hil aurretik, harreman horretan oinarritutako poema-liburua argitaratu zuen, Birthday letters (Urtemugako gutunak), kritikarien esanetan bere maisulana. Urte amaierarako ia 150.000 aleko kopuru harrigarria saldua zuen liburuak. Poesiaz gainera, irratirako dramak eta haurrentzako ipuinak ere idatzi zituen.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ted Hughes |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.