Velella velella
Velella velella | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Cnidaria |
Klasea | Hydrozoa |
Ordena | Anthoathecata |
Familia | Porpitidae |
Generoa | Velella |
Espeziea | Velella velella Linnaeus, 1758
|
![](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/9/96/Velella_Bela_mintza02.jpg/220px-Velella_Bela_mintza02.jpg)
Velella velella[1] (Linnaeus, 1758) Porpitidae[2] familiako Hydrozoaren espezie bat da. Velella generoko beste espezierik ez da ezagutzen, baina sinonimiak baditu, adibidez, Velella mutica (Lamarck, 1808) eta Velella spirans (Petersen, 1979). Ez da marmoka propio bat, baizik eta polipo espezializatuen kolonia flotatzaile bat.
Ezaugarriak
Belaontzia[3] —itsas bela edo bela purpura izenez ere ezaguna— kolore urdin biziko hidrozoo txiki bat da, eta bereizgarri bat du: haizea harrapatzen duen eta itsasoaren gainazalean propultsioa ematen dion bela itxurako mintza bat du. Egitura horren azpitik, planktona harrapatzeko erabiltzen dituen garroak ditu.
Knidario hauek nahiko sinpleak diren 10.000 animalia-espezie inguru biltzen dituen filum batekoak dira, eta ingurune urtarretan soilik bizi dira (gehienak itsasokoak). Filumaren izenak animalia horien berezko ezaugarri diagnostiko bati egiten dio aipamena: kide guztien garroetan dauden zelula urtikatzaile batzuei, hain zuzen, knidoblasto izenekoak. Velellak zooplanktona jaten du. Beren knidoblastoetako toxinak ez dira kaltegarriak gizakientzat, nematozistoek ezin baitute larruazala zeharkatu. Hala ere, arazo batzuk sor ditzakete begiekin edo zauriren batekin kontaktuan jartzen badira.
Lokomozio-biderik ez dutenez, haizeen menpe daude itsasoan zehar mugitzeko, eta, horregatik ere, mundu osoko kostaldetan hondartze masiboak jasaten dituzte. Ia urtero, udaberrian, Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean gertatzen den hondartze masibo ezagun bat gertatzen da, Columbia Britainiarretik Kaliforniaraino. Itsaso epel eta tropikaletan bizi dira, 8 eta 10 zentimetro arteko tamaina dute eta belek formatu triangeluarra du.
Bizi-zikloa
Hidrozoo askok bezala, Velella velellak ere bizipen ziklo bipartitoa du, eta bi belaunaldi alternatu ohi dira. Haizeak eramaten dituen kolore urdin biziko beladun forma hori bizi-zikloko polipo fasea da. Ale bakoitza hidroide kolonia bat da, plankton ozeanikoaz elikatzen diren polipoak osatuta. Polipo horiek kanal sistema baten bidez konektatuta daude, eta, horri esker, banakako polipoek irensten duten edozein elikagai kolonia osora parteka daiteke. Koloniak hainbat polipo-mota ditu: batzuek, gonozooideek, elikatzeko eta ugaltzeko funtzioa dute; beste batzuk, berriz, babesleak dira (daktilozooideak).
Bigarren faseari dagokionez, gemazio asexualeko prozesu baten bidez, gonozooideek milaka marmoka ñimiño sortzen dituzte. Marmoka horiek hainbat aste bizirauten dute barruan duten zooxantelei esker, sinbionte hauen bitartez lortzen baitituzte ezinbesteko elikagaiak. Dena den, marmoka fasea ez da oso ezaguna eta Velella velellaren bizi-zikloa ezaguna baldin bada, laborategian egindako ikerketei esker izan da. Hala, ezagun da marmoka txiki horiek hiru bat asteetan sexualki garatzen direla eta haien obulu eta espermatozoideek, uretan askatu eta ernalketa gertatu ondoren, larbak sortzen dituztela. Larba horiek, aldi berean, beladun banakoen hidrozoo-kolonia berriak garatuko dituzte.
Sistematika
Porpitidae familia ozeano irekiaren gainazalean aske flotatzen bizi diren bi hidroide genero sailkatzeko sortutako familia bat da: Velella eta Porpita. Hala ere, genero berezi horien posizio sistematikoa eztabaidagaia izan da, eta oraindik ere bada. XIX. mendearen erdialdean eta amaieran, zenbait autorek tekadun hidroideen (Anthoathecata/Anthomedusae[4]) artean sartu zituzten, beste batzuek sifoiduntzat sailkatzen zituzten bitartean.
Hala ere, haien marmoka-fasea Anthoathecata/Anthomedusae motakoa dela argi eta garbi dagoenez, azken hamarkadetan gehienek uste izan dute animalia horiek hidroide tekadun kolonial flotatzaileak direla.
Erreferentziak
- ↑ Larson, Ronald J.. (1980). «The Medusa of Velella velella (Linnaeus, 1758) (Hydrozoa, Chondrophorae)» Journal of Plankton Research 2 (3): 183–186. doi: . ISSN 0142-7873. (Noiz kontsultatua: 2024-12-11).
- ↑ «WoRMS - World Register of Marine Species - Porpitidae Goldfuss, 1818» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
- ↑ www.ivap.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
- ↑ «WoRMS - World Register of Marine Species - Anthoathecata» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-12).
Kanpo estekak
- NCBI
- Gero eta marmoka gehiago itsas zabalean. Berria.eus webgunean
- Kantauri itsasoan gehien agertzen diren marmokak. Berria.eus webgunean
- Marmokak identifikatzeko gida. Eusko Jaurlaritza