Wikipedia:Egiaztagarritasuna

Wikipedian, egiaztagarritasunak esan nahi du entziklopedia erabiltzen duten pertsonek informazio hori iturri fidagarri batetik datorrela egiazta dezaketela, Wikipedia ez baita inork bere ikerketak egiteko tokia. Beraz, bertan agertzen den edukiak argitaratutako materiala behar du, eta ez editoreen sinesmenak edo esperientziak. Nahiz eta zu seguru egon zerbait egia dela, egiaztagarria behar du zuk hura gehitzen duzun unean. Batzuetan, ordea, iturri fidagarriak ez datoz bat eta, orduan, ikuspegi neutrala behar dugu, eta askotariko iturriek zer dioten adieraztea, alde bakoitzari dagokion tartea emanez. Era horretan, oinarri mardulen gainean eraikiko dugu gure Euskal Wikipedia.

Material guztia Wikipediako artikuluetan, zerrendetan eta argazki-oinetan egiaztagarria izan behar da. Aipuek edo egiazkotasuna auzitan jar dakiokeen edozein materialek esaldi buruko erreferentzia/aipamena behar du material hori zuzena dela babesteko. Beharra edukita ere, eduki batek iturririk ez baldin badu, hura kendu egin daiteke. Mesedez berehala kendu bizirik diren pertsonei buruzko edozein material eztabaidagarri baldin eta iturririk ez badu edo iturria eskasa bada. Aipuak idazteko moduari buruz, ikus Laguntza:Erreferentziak eta Wikipedia:Ikuspegi neutrala. Biek elkarren beharra dute edukia zehazteko orduan eta, beraz, editoreek horien oinarrizko puntuak ulertu behar dituzte. Gainera, artikuluek egile eskubideak bete behar dituzte.

Hala izanik ere, Euskal Wikipediaren asmoa da erabiltzaile albait gehienen ekarpena izatea eta, batez ere, WPn aritzera erakartzea. Beraz, asmo hori gogoan hartuta, WP jabetzen da artikuluetara gehitutako eduki askok, erreferentzia behar izanagatik ere, ez dutela euskal wikilarien artean kontraesanik edo eragozpenik planteatzen, eztabaidagarriak ez diren aldetik, eta EU WPk, lehenik eta behin, editatzera animatu nahi ditu WPren erabiltzaileak.

Erreferentziak gehitzeko erantzukizuna

Eduki guztiak egiaztagarria behar du. Eduki bat gehitu edo berrezarri duen editorearena da egiaztagarritasuna hornitzearen zama eta, hori egiteko, idatzitako adierazpena babesten duen iturri fidagarri bat gehituko da.[1]

Uztartu aipuak edo norbaitek zalantzan jarritako edo jar ditzakeen eduki guztiak iturri fidagarri edo argitaratu batekin, esaldi buruko erreferentziak baliatuz. Aipatutako iturriak argi eta garbi babestu behar du gehitutako edukia/adierazpena: iturria eta gehitutako edukia bat etorri behar dira. Mesedez zehaztu argi eta garbi iturria zein den eta gehitutako edukia non dagoen: orrialdea, azpiatala edo atala. Hala ere, egile eskubideen hausturarik egon ez dadin, mesedez ez jarri hitzez hitz iturburuan dioena, zure hitzekin adieraziz baizik.

Zuzenean babesa ematen dion iturri fidagarririk gabeko edukia kendu egin daiteke, horretarako aldaketaren Laburpenean arrazoi sinesgarri bat adieraziz, eta ez da berrezarriko esaldi buruko erreferentziarik gabe. Esaldi buruko erreferentzia ez izateagatik, informazio bat noiz kendu dezakegun, edukiaren edo artikuluaren egoera orokorraren araberakoa da. Batzuetan, editoreak kexu ager daitezke erreferentziak jartzeko denborarik eman gabe eduki bat kentzen baduzu. Aukera ona da horrelakoetan esaldi buruan {erref behar} etiketa jartzea behin-behinean; honela azalduko da: [erreferentzia behar]. Beste batzuetan, berriz, artikuluak hain aipamen gutxi zituen, non ez den praktikoa testu barruko etiketak jartzea, eta hobe da atalari edo artikulu osoari etiketa bat jartzea, artikulu edo atal hasieran {erreferentzia falta} idatzita; honela bistaratuko da:



Eztabaidatutako kategoriaren edo argipen orrien kasuan, hobe erreferentzia orri nagusiaren atzeko eztabaida orrian eskatzea. Esaldi buruko erreferentzia ez edukitzearren, {erref behar} etiketa jartzean edo edukia kentzean, mesedez adierazi aldi berean eduki hori fidagarritasunik ez duela eta, beraz, ez dela egiaztagarria izango.[2] Aldiz, eduki/adierazpen hori egiazta daitekeela uste baduzu, egokiena da esaldi buruko erreferentzia zuk zerorrek bilatu eta jartzea, eta ez {erref behar} etiketa gehitu edo edukia kentzea.

Ez utzi iturri gabeko edo iturri eskaseko edukirik artikulu batean baldin eta pertsona bizidunen[3] edo uneko taldeen izen onari kalte egin badiezaioke; beraz, ez mugitu eztabaida orrira. Erreparatu ere pertsona bizidunen biografiei buruzko politikak taldeei nola aplikatzen zaizkien.

Iturri fidagarriak

Wikipedian aritzeko eta edukiak sartzeko, iturri fidagarriak behar ditugu. Wikipediak editoreen arteko ulermena eta eztabaida lehenesten ditu, baina gehitutako informazioetarako zein eztabaidarako oinarriak iturriak dira. Horrenbestez, iturri fidagarrien mota sorta bat identifikatu dugu Wikipedia oinarri irmoen gainean eraikitzen joan dadin.

Iturri eta egile guztiek ez dute balio berdina eta, beraz, landutako gaiarekiko gertutasun handiena duten iturriak baliatuko ditugu: gaia zenbat eta zehatzagoa, erreferentziaren espezializazioa orduan eta handiagoa. Bestalde, testuaren gorputzean adierazitako pasarteek albait zintzoen islatuko dute erabilitako iturrian agertzen den testua. Hala ere, eztabaidarik ez duten informazioetan, ez da beharrezkoa testu-gorputzean iturria aipatzea. Azalpen hauek guztiak bakarrik Euskarazko Wikipediari buruzkoak dira, eta ez dute baliorik Txikipediarako.


Iturri fidagarriak
1 Unibertsitateko argitalpenak, non-nahikoak direla ere.
2 Gaiaren inguruan ibilbide ezaguna duten egileen lanak, haien blogak, webgune pertsonalak eta egunkarietako kolaborazioak; alabaina, iritzi jitea duten adierazpenetan, erreferentziaz gain, iturria (bloga/egilea) testu-gorputzean aipatuko da, "-ren arabera", "-ren iritziz" eta antzeko formulak erabiliz.
3 Gaiaren inguruan diharduten elkarte espezializatuen argitalpenak eta, Euskal Herriko batez besteko irakurleentzat oso ezagunak ez direnean, iturria testu gorputzean berariaz aipatuz.
5 Euskal Herrian argitaratzen diren egunkari eta kazeta orokorrak zein espezializatuak, betiere iritzi eta editorial sailak bazter utzita.
6 Munduan gainerakoan argitaratzen diren egunkari eta kazeta orokorrak zein espezializatuak, betiere iritzi eta editorial sailak bazter utzita.
7 Euskal Herriko tokian tokiko aldizkariak (Hitza, Txintxarri, etab.).
8 Bigarren mailako iturriak lehenetsiko dira (informazio kontrastatuaren ikuspegia ematen duten azterlanak), eta ez lehen mailako iturriak (aztergai den informazioa lehen aldiz aipatzen duten jatorrizko agiriak, aipuak edo lekukoak).
9 Elkarte edo talde baten sare sozialeko kontu edo webgune ofiziala, baldin eta bere buruari buruzko datu objektibagarriak eskaintzen baditu, interes gatazkarako arrazoirik gabeak, hala nola haren osaera, antolamendua edo sorrera data.


Lankideen arteko desadostasunak agertuz gero, eztabaida orriak erabiltzea da bigarren pausoa, iritzi desberdinak leuntzeko, hemen azaltzen den bezala. Hasierako ahaleginean editoreak elkarrekin ez ulertuz gero, eztabaidak erreferentziak izango ditu oinarri: WP ez da eztabaida-foro bat.

Jakina da gai jakin batzuen inguruan argitalpenek ikuspegi desberdinak plazaratzen dituztela, eta kontraesanak edo aldeak egon daitezke iturri batetik bestera. Wikipediak politika bat darama erreferentziatzat onar daitezkeen argitalpenei buruz, informazioen objektibotasuna albait gehien segurtatzeko.

Egiaztagarritasunak ez du bermatzen eduki bat onargarri izatea

Eduki batek artikuluetan sartzeko egiaztagarria behar duen arren, egiaztagarritasuna ez da arrazoi nahikoa hura ontzat hartzeko, eta ez du bermatzen edozein eduki artikuluan sartu ahal izatea. Adostasunaren bitartez, erabaki daiteke informazio batek ez duela artikulu bat hobetzen, eta ez dela sartu behar, edo beste artikulu bati dagokiola. Eduki bat artikuluan sartzeko adostasuna bilatzearen ardura eduki eztabaidatua sartu nahi duen lankidearena da.

Esaldi, atal edo artikulu bati etiketa bat jarri

Iturririk gabeko adierazpen batentzat erreferentzia eskatu nahi baduzu, esaldiari {erref behar} etiketa gehi diezaiokezu bukaeran. Halaber, ohar bat utz dezakezu eztabaida orrian erreferentzia eskatuz. Egiaztatuta ez dagoen edukiari etiketa hori gehitzeaz gain, beste aukera bat adierazpena kentzea duzu. Gainera, ez ahaztu etiketan bertan, edizioaren Laburpenean, edota eztabaida orrian arrazoia azaltzea.

Lankide bati bereziki egiaztagarritasuna eskatu nahi badiozu (edukia berak jarri duelako), edo etiketari buruz arreta deitu, sortu eztabaida orrian atal bat eta aipa ezazu bertako zure azalpenean haren erabiltzaile izena, honela: {u|dena delako lankidea} edo {ping|dena delako lankidea}.

Kontuz ibili bereziki bizi den jendeari buruzko informazioekin. Bizirik diren pertsonei buruzko informazio eztabaidagarriak eta mingarriak, erreferentziarik gabeak edo erreferentzia eskase(t)an oinarrituak direnean, berehala kendu behar dira, eta ez {erref behar} txantiloi bat gehitu.

Ezohiko adierazpenek iturri bereziak behar dituzte

Gehiago jakiteko, irakurri: «Bazterreko teoriak»

Ezohiko adierazpen batek kalitate handiko iturriak eskatzen ditu eta, beraz, zuhurrak behar dugu ondorengo kasuetan:

  • Adierazpen harrigarriak edo ustez garrantzitsuak, baina iturri ezagunek haren berririk eman ez dutenak.
  • Norbaitek auzitan jarri dituen adierazpenak, bakarrik lehen mailako edo norberak argitaratutako iturrietan edo interes gatazka dakarten horietan oinarrituta.
  • Bere arloz kanpora dabilela dirudien norbaitek emandako adierazpenak, edo lehenago interes bat defendatuta gero beste bat defendatzen duenean.
  • Dagokion arloan edo komunitatean nagusi den ikuspegiak dudan jartzen dituen adierazpenak, edo teoria ohikoenak nabarmen aldatzen dituztenak, bereziki zientzian, medikuntzan, historian, politikan edo bizi diren pertsonen biografietan.

Erreferentziak eta oharrak

  1. Editore batek iturri bat gehitu badu, bere ustez eta fede onez, nahikoa delakoan, beste editore batek kenduko balu, zuritu egin behar du eduki eta erreferentzia hori kendu izana (adibidez, afera txiki batek gehiegizko pisua duela, eduki ez entziklopedikoa dela, etab.). Editoreek, orduan, adostasun batera heltzen lagunduko dute, eta testuan edo iturrian aurki daitekeen edozein arazo konpondu behar dute eduki hori berrezarri baino lehen.
  2. Eduki horri etiketa jarri edo edukia kentzean, mesedez izan gogoan horrelako jokaera batek gaizki-ulertuak erraz eragin ditzakeela. Zenbait editorek ez dute ondo ikusten beste batzuek iturririk gabeko informazioa etengabe edo maiztasunez eta kopuru handitan ezabatzen ibiltzea, bereziki aldi berean eduki hori haiek berek hobetzeko ahaleginik egiten ez badute. Ez erreparatu iritzi jakin bateko edukiei bakarrik, era horretan litekeena baita norbaitek neutraltasun politikak urratzen ari zarela leporatzea. Egiaztatu ere eduki horri buruzko iturria ez ote dagoen orriko beste tokiren batean. Arrazoi horiek guztiak direla eta, aholkatzen dugu argi eta garbi adierazteko funtsatutako arrazoi bat baduzula eduki hori ezin dela egiaztatu pentsatzeko.
  3. Wales, Jimmy. "Zero informazioa hobe da informazio engainagarria edo faltsua baino", WikiEN-l, 2006ko maiatzaren 16a: "EZ dut hau behar beste nabarmenduko: zenbait editorek badute aurreiritzi izugarri bat, 'nonbait entzun dut' gisako informazio ustelei {erref behar} etiketa jarri behar zaiela. Bada, ez eta ez. Kendu egin behar da, oldarkor, non eta ez zaion iturri bat gehitzen. Horrek informazio guztietarako balio du, baina hala behar du bereziki bizi diren pertsonei buruzko informazio kaltegarri batez ari garenean".

Ikus, gainera