Zanga (azpiegitura)
Zanga[1] edo lubakia[2] lurrean egiten den erreten sakon eta estua da, maiz bertan zerbait ezartzeko (hodiak, zimenduak eta abar). Lubakiak eskuzko tresnak erabiliz egiten dira, hala nola palak eta pikotxak, edo gailu astunez, hala nola, hondeamakinak, atzerako hondeamakinak eta zanga-makinak.
Herri-lanak
Besteak beste, lubakiak hoditeria lurperatzeko egiten dira: edateko ura, ur zikinak, elektrizitatea, gasa, zuntz optikoa eta abar. Lubakiak hondeaketa bidez egiten dira, hainbat tamainatako hondeamakinak erabiliz, lanen garrantziaren eta zulatu beharreko lekuaren arabera.
Zanga-makinen errendimendua benetan handia da, baina eragozpen bat dute: lurra egokia izan behar da erabiltzeko, hau da, lur trinkoa eta oztoporik gabea. Atzerako hondeamakinak, zanga-makinek baino errendimendu txikiagoa lortzen badute ere, lur anitzagoetan erabil daitezke, hodiak kargatzeko, deskargatzeko eta kokatzeko erabil daitezke, eta lurraren oztopoak hobeto gainditzen dituzte. Hirietan, oro har, ez dira arazo horiek agertzen, baina lurpeko hoditeria kopuru handiaren arazoa agertzen da. Horretarako, zangarekin gurutzatzeko eremuak eskuz hondeatu behar dira, eta gainerako eremuetan makinak erabili.
Arkeologia
Indusketa arkeologikoen kasuan, zundaketak egin daitezke lurrean, lubaki paraleloak irekiz. Metodo hau batez ere indusketa prebentiboan erabiltzen da.
Metodo honen abantaila nagusia da orubearen zati txiki bat baino ez duela suntsitzen. Dena den, metodo honek bolumen osoaren zerrenda txikiak soilik agerrarazten dituenez, beste azterketa metodoekin konbinatzen dira.
Militarra
Arlo militarrean, lubaki esaten zaie arerioaren sutik babesteko egiten diren erretenei.
Lubaki-gerra lubakiak edo lurrean zulaturiko gotorlekuen erabilera ezaugarri nagusia duen gerra mota da, su armen erabileraren ondorioz sortua. Jada Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean (1861-1865) eta Errusia-Japonia Gerran (1904-1905) erabilia, Lehen Mundu Gerrako mendebaldeko frontean nagusitu ziren[3].