Dilma Rousseff
Dilma Vana Rousseff (Belo Horizonte, 1947ko abenduaren 14a) brasildar ekonomista eta politikaria da, Langileen Alderdiko kidea. Brasilgo Errepublikako presidentea izan zen, 2011tik 2016ko abuztuaren 31n Senatuak kargugabetu zuen arte[1]. 2005-2010 bitartean, Lula da Silva presidentearen Kabineteko burua izan zen.
Bizitza
Dilma Rousseff Belo Horizonten sortu zen, 1947ko abenduaren 12an. Aita, Pedro Rousseff, bulgariar abokatua zen eta ama, Dilma Jane da Silva, irakaslea[2]. Gaztetatik ideia sozialistak izan zituen, eta hiri-gerrilla marxistan aritu zen diktaduraren garaian. 1969an klandestino egin zen, baina urtebete geroago atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten[3]. 1973an, kartzelatik irten eta Porto Alegrera joan zen bizitzera. Berriz ere politikagintzan sarturik, 2000an Brasilgo Langileen Alderdia afiliatu zen. 2003-2005 bitartean, Energia ministroa izan zen Lula da Silva gobernuan. 2005ean Kabineteko buru bilakatu zen[4]. 2010eko presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen, José Serraren aurka, bigarren itzulian botoen %56 lortuz. 2014an berriz hautatu zuten presidente[5], baina 2016ko abuztuaren 31n Senatuak kargutik kendu zuen. Rousseffek estatu kolpetzat jo zuen kargugabetzea[1].
Erreferentziak
- ↑ a b Rousseff kargugabetu eta Temer izendatu dute Brasilgo presidente. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2017-1-26).
- ↑ Who Is Who: Bulgarian Origins and Relatives of Brazil's Dilma Rousseff. novinite.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-26).
- ↑ Goñi, Maialen. Rousseff, bere lekuan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-1-26).
- ↑ Dilma Rousseff. educacao.uol.com.br (Noiz kontsultatua: 2017-1-26).
- ↑ Brazil elections: Dilma Rousseff promises reform after poll win. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-26).