Erretura

Ez nahastu Erredura hitzarekin
Erretura zereal soro batean (1986).
Inausketa hondarren erretura.

Erretura[1] lursailetan egiten den uzta-hondakin, belar eta kidekoen erreketa da.

Soroen erretura kontrolatua praktika tradizionala da kultura askotan, helburu ugari dituena: belar txarrak edo hildako landareak kentzeko, landareen gaixotasunak edo izurriteak ezabatzeko eta larreak berritzeko. Sarri, erein aurretik egiten da[1] ustez lurra hobetzen baitu.

Inpaktu ekologikoa eta arriskuak direla-eta, erreturak arautuak daude herrialde askotan, Euskal Herrian barne, eta askotan ezin dira egin agintari eskudunen aldez aurreko baimenik gabe[2].

Ondorioak

Arroz uztaondoak erretzen (Punjab, India).

Erreturen arrisku handiena suaren kontrola galtzea eta ingurura hedatzea da. Erretura baso-suteen eragile ohikoenetako bat da zenbait eskualdetan. Hori dela eta, ohikoa da agintariek hilabete beroetan erreturak debekatzea, non baldintza klimatikoek sua hedatzen laguntzen duten. Nahiz eta baimenduta egon, materialaren arabera edo erretzen den urtearen arabera baimenak desberdinak izan daitezke, baina, oro har, baldintza hauek bete behar izaten dira: erre beharreko metaren edo azaleraren inguruan hainbat metroko perimetro garbia uztea, sua erabat itzalita dagoela ziurtatzea, edo eguraldi txarra dagoenean (lehortea, tenperatura handia, haize bortitza) erreturak ez egitea, besteak beste.

Adibidez, Gipuzkoan erabat debekatuta dago erreturak egitea haize handiko egunetan, bereziki hego haizea dabilenean, eta beti egun fresko eta baretuetan egin behar da. Erretura egitean, sua goiz partean piztuko da eguerdiko ordu bata bitartean, eta zaintzen jarraitu behar da, bertatik alde egin gabe eta sua erabat itzali arte, bermatuz erabat itzalita dagoela eguzkia sartu baino bi ordu lehenago. Landaretza dagoen aldean (zuhaitzak, sastrakak nahiz larreak izan) suebakiak ireki behar dira, landaretza guztia soilduz[2].

Erreturen beste ondorio bat airea kutsatzea da, inguruko biztanleentzat ondorio kaltegarriekin. Sortzen den kea gasez (karbono monoxidoa eta karbono dioxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoak, dioxinak eta abar), kedarrez eta partikulez osatuta daude, eta horiek arnas-aparatuan eta sistema kardiobaskularrean eragin kaltegarriak dituzte. Dioxinak ere izan ditzakete, plagizida kloratuekin kontaktuan egon diren nekazaritza-hondakinak erretzen direlako.

Bestalde, arriskuez gain, uztondoa erretzeak zenbait ondorio kaltegarri ditu lurzoruarentzat (higadura, elikagaiak urritzea, hezetasuna eta organismo onuragarriak galtzea...), bai eta ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat ere.

Erreferentziak

  1. a b «Erretura». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2025-01-18.)
  2. a b Mendian erreketak egiteko baimena. Gipuzkoako Foru Aldundia (Noiz kontsultatua: 2025-01-18).

Kanpo estekak