Larre

Larrungo larreak, abereen bazkarako onak: Larre un

Larrea edo alhapidea[1] belarjale handiak larratzen diren leku belartsu eta irekia da.[2] Larreak landa paisaiaren parte dira, eta zaldi, behi edota ardi azienden larratze-sistema estentsiboei loturik daude.[3] Landaredian landare belarkarak dira nagusi, gramineoak eta lekadunak batez ere.

Euskal Herriko larreen ezaugarriak

Larre naturalak 2.000-2.300 metroko garaieran hasten dira Pirinioetan. Izan ere, klima oso gogorra da altitude horretatik goiti eta, horren ondorioz, ezinezkoa da zuhaitzak edo zuhaixkak bertan haztea. Euskal Herrian, ordea, ia ez dago horrelako mendi garairik, eta larre alpetar horiek ipar-ekialdeko muturrean besterik ez dira agertzen.[4] Gure mendietan ditugun larre gehienak erdinaturalak dira, oihanak suntsitzearen ondorioz sortutakoak, eta azienden presioarengatik irauten dute. Alegia, beren kasa utziz gero, baso bihurtuko lirateke zenbait urteren buruan. [5]

Mendi larreak soropil trinkoak dira, garaiera urriko landare belarkara iraunkorrez osatuak. Konposizio floristikoa aldakorra da, baldintza ekologikoen eta giza erabileraren araberakoa, baina gramineoak izan ohi dira nagusi. Ohikoak dira, besteak beste, Agrostis capillaris, Bellis perennis, Brachypodium pinnatum subsp. rupestre, Carex caryophyllea, Cerastium fontanum, Danthonia decumbens, Festuca rubra, Galium saxatile, Hypochoeris radicata, Jasione laevis, Lotus corniculatus, Luzula campestris, Plantago lanceolata, Potentilla erecta, Potentilla montana, Ranunculus bulbosus, Trifolium repens eta Veronica officinalis.[6]

Habitat irekien bilakaera

Egungo euskal paisairen konfigurazioa ulertzeko, beharrezkoa da azken milioika urteetako fenomeno geologikoei erreparatzea. Duela 35-25 milioi urte inguru, Zenozoikoaren erdialdean, plaka kontinentalen mugimenduek alpetar orogenia eragin zuten eta, prozesu hartan, Kantauriar mendikatea, Pirinioak eta Euskal Herriko arkua eratu ziren. Kontinenteen konfigurazio berriak aldaketak eragin zituen ozeanoen zirkulazioan eta, ondorioz, atmosferako karbono dioxido kontzentrazioa eta tenperatura globala jaitsi ziren. Baldintza berri horietan, larre-ekosistemak hedatu ziren urtaroko lehorte-baldintzak zituzten guneetan.[3]

Azken 12.000 urteetan, Holozenoa, habitat irekien hedadurak gorabehera ugari izan du Europan. Hala ere, badirudi habitat horiek nahiko egonkor iraun zutela nekazaritza iritsi aurretik ere, estalduraren % 12-30etik jaitsi gabe. Europako paisaia mosaiko-erakoa zatekeen beraz, habitat irekiak eta basoak tartekatzen baitziren.[7] Herbiboro basatiek eragin zuzena zuten paisaiaren konfigurazio horretan, basoak irekita mantentzen baitzituzten han larratzen eta alhatzen ziren zaldi basatiek, orkatzek, oreinek, uroek eta bisonteek.[3]

Larre erdinaturalaren sorrera eta gainbehera

Nekazariak Ekialde Hurbiletik Europan zehar hedatu zirenean, duela 7.000 urte inguru, baso primarioak suntsitu zituzten, eta jatorrizko herbiboro basatiak etxekotutako abereekin ordeztuz joan ziren. Prozesua graduala izan zen, hala ere; esaterako, Nafarroan ehizatutako azken bisontearen dokumentazioa XII. mendekoa da. Nekazarien iritsierarekin paisaiaren zati handi bat aldatu bazen ere, larreak eta sastrakadiak osatzen zituzten espezie gehienak lehendik ere bertan zeuden, jatorrizko habitat irekietan.[3]

Aldaketa sakonak XIX. mendearen erdialderako iritsi ziren. Nekazaritzaren mekanizazioak eta pestiziden erabilera masiboak intentsiboki landatutako egungo paisaia sortu zuen Europan. Floran eta faunan aldaketa sakonak eragin zituen gizakiak: hainbat espezie desagertu zen eta espezie exotiko ugari sartu.[3]

Egun, herbiboro basati gehienak desagertuta daudenez Europan, geratzen diren kontserbazio-balio altuko ia larre guztiak larratze-sistema estentsiboei loturik daude.[8] Dena dela, sistema horiek gainbehera doaz, landaguneak hustearekin batera. Euskal Herriko mendien egoera ere ez da bestelakoa, mendiko larreen erabilera apurka beherantz baitoa bertako larre-sistemetan.[3]

Erreferentziak

  1. Larre. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-6-12).
  2. Larre. Euskalterm Terminologia Banku Publikoa, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-26).
  3. a b c d e f Odriozola, Iñaki. CAF-Elhuyar 2018: Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatutako paisaia. Elhuyar, 330. zenbakia, 2018/05/16, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-18).
  4. Bases Técnicas para el Plan de Gestión del LIC Larra-Aztaparreta. espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-7-15).
  5. Aizpurua, Martxel. Larre menditarra. Ekologia Hiztegia, UZEI, 1987 (Noiz kontsultatua: 2021-7-15).
  6. Prados acidófilos cantábricos. cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-3-18).
  7. Hejcman, M., Hejcmanová, P., Pavlu, V., Benes, J.. Origin and history of grasslands in Central Europe – a review. Animal Production Science 41: 1231-1250, onlinelibrary.wiley.com (Noiz kontsultatua: 2021-7-14).
  8. Bignal, E.M., McCracken, D.I.. Low intensity farming systems in the conservation of the countryside. Journal of Applied Ecology 33: 413-424, jstor.org (Noiz kontsultatua: 2021-7-14).

Kanpo estekak