Gordiar korapiloa

Alexandro gordiar korapiloa mozten, Jean-Simon Berthélemyrena.

Gordiar korapiloa esaerak elezahar greko batean du jatorria. Horren arabera, Frigiako biztanleek (Anatoliako eskualdea, egungo Turkian) erregea behar zutela erabaki zutenean, Orakuluari aholkua eskatu zioten. Hark esan zien gurdian bele bat zuela Ekialdeko Atetik sartzen zen lehenbiziko gizona hautatzeko. Baldintza horiek Gordiasek bete zituen, gurdia eta idi-parea ondasun bakarrak zituen nekazariak. Hala, Gordias Frigiako errege izendatu zuten.[1]

Monarka berriak Gordio hiria sortu zuen eta, eske onez, eskaintza bat egin zion Zeusen tenpluari: bere gurdia, uztarria eta pertika. Horiek, baina, oso korapilo berezi batez lotu zituen; soka muturrak korapiloaren barruan omen zeuden ezkutatuta eta, horrenbestez, askaezina zen ia. Inork askatzen bazuen Inperio Unibertsala eskuratuko zuen.[1]

Beti ere kondairaren arabera, K. a. 333an, Alexandro Handia Persiar Inperioa konkistatzera zihoanean, Helespontoa zeharkatu ondoren, Frigia hartu zuen, non gordiar korapiloa askatzeko erronkari aurre egin behar izan zion. Arazoa korapiloa bere ezpataz moztuz konpondu zuen, berdin zuela korapiloa askatzea ala moztea esanez (Kinto Kurtzio Ruforen hitzetan). Gau hartan ekaitza izan omen zen, eta tximistak ikusi ziren zeruan. Alexandroren arabera, hori Zeus ados zegoenaren seinale zen. Eta, jakina den bezala, Alexandrok Ekialdea eta Persiar Inperioa konkistatu zituen.

Gaur egun, gainditzen zaila den edo konponezina den eragozpena adierazteko erabiltzen da "Gordiar korapiloa" esamoldea;[1] bereziki imajinazio handia behar duena.

Erreferentziak

  1. a b c Irazustabarrena Uranga, Nagore. Korapilo gordiarraren jatorria askatzen. Argia, 2015eko uztailak 26, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-6-25).

Kanpo estekak