Kaziranga natura parkea
Kazirangako Parke Nazionala | |
---|---|
![]() | |
II. maila: parke nazional | |
Datu orokorrak | |
Mota | parke nazional |
Azalera | 170 mi² |
Geografia | |
Koordenatuak | 26°40′00″N 93°21′00″E / 26.6667°N 93.35°E |
Honen parte da | Assam |
Kokapena | Golaghat barrutia |
Herrialdea | ![]() |
Indiako estatua | Assam |
Kazirangako parke nazionala (assameraz: কাজিৰঙা ৰাষ্ট্ৰীয় উদ্যান, Kazirônga Rastriyô Uddan, kazirɔŋɡa rastrijɔ udːan ahoskatua) Indian, Assamen, dagoen parke nazionala da, Asiako zaharrenetakoa.
1908an sortu zen, eta Indiako interesgarrienetako bat da, errinozero adar-bakarrak (Rhinoceros indicus) bizi baitira bertan. Errinozero-mota hori galtzeko arriskuan dago, galtzeko arrisku handiena duten animalietako bat da.
Parkeak 42.900 ha-ko eremua du, eta Brahmaputra ibaiaren ezkerraldean dago. Garaiera txikiko ordokia hartzen du, batez beste itsas mailatik 76 m-ra, eta habitat zingiratsuak babesten ditu bereziki. Ibarreko landareen artean nagusiak anfibioak dira, kariak (Phragmites karna) eta Saccharum generoko banbuak, 6 m-tik gorakoak. Horrez gainera, hainbat errekaren bazterretan akazia-basoak daude. Ugaztunen artean, Indiako errinozeroez gainera, Asiako elefanteen (Elephas indicus) eta bufalo basatien samaldak (Bubalus bubalus) bizi dira bertan, eta horiez gainera zingira inguruetako ugaztun bereziak daude, Indiako bisoia, hainbat orein-mota, kokondoetako hartzak eta Himalaiako hartz beltzak, hainbat zerri basati, bereziki basurde pigmeo berezia (Sus sylvanus). Primateen artean makakoak eta langurra (tximino handia, ile beltzekoa, eta aurpegian ile luzea duena) dira nagusiak. Hegazti ugari daude, mota desberdin askotakoak, baina aipagarrienak hauek dira: arrano arrantzalea, Pallaseko pigargoa, hainbat zikoina-mota eta uretako beste hegazti batzuk, hala nola, lertxun beltza.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
![]() |
Gizateriaren Ondarea Indian | ![]() |
---|---|---|
Kulturala |