Ninfa

Ninfak (antzinako grezieraz: νύμφα) edo andderusak maila apaleko jainkosak ziren, iturri, ibai, baso edo mendietan bizi zirenak. Ninfek zelaien, basoen eta, oro har, izadiaren emankortasuna irudikatzen zuten.
Genealogia
Homeroren poemen arabera, Zeusen alabak ziren. Haitzuloetan bizi ziren eta hilkorrak izanik ere, guztiz bizialdi luzea zuten.
Ezaugarriak
Jainkosa nagusien laguntzaileak ziren (Artemisarenak bereziki), eta goragoko maila bateko beste ninfen zerbitzuan ere izaten ziren (Kalipsorenak edo Zirtzerenak esaterako). Oro har, ez ziren gizonen etsai. Bestalde, amodioarekin zerikusia duten mito askotan azaldu ohi dira Pan edo Priapo jainkoen edo satiroen maitale gisa, nahiz eta Zeus, Apolo, Hermes eta beste askorekin ere harremanak izan zituzten. Bizi-ingurunearen arabera, mota anitzetakoak ziren: ozeanidak itsas zabaleko ninfak ziren; nereidak, itsaso barekoak; oreadak, mendikoak eta haitzuloetakoak; alseidak, zuhaiztietakoak, etab.

Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.