Rafael Maroto

Rafael Maroto

Bizitza
JaiotzaLorca1783ko urriaren 15a
Herrialdea Espainia
HeriotzaValparaíso1853ko abuztuaren 25a (69 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, militarra eta militar karlista
Jasotako sariak
KidetzaElisabet Katolikoaren Ordena
Zerbitzu militarra
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakIberiar Penintsulako Gerra
Lehen Karlistaldia

Rafael Maroto Yserns (Lorca, 1783ko urriaren 15aValparaíso, Txile, 1853ko abuztuaren 25a) espainiar militarra izan zen. Iberiar Penintsulako Gerran eta Lehen Karlistaldian borrokatu zen, eta baita Txileko independentisten aurkako gerran (1814-1824) ere.[1]

Bizitza

Rafael Maroto Yserns Lorcan jaio zen 1783ko urriaren 15ean. Frantsesen inbasioan hasi zuen karrera militarra, beste askok bezala. Ondoren, Perura joan zen Ameriketako independentisten aurka borrokatzera.

1810etik burujabea zen Txilera bidali zuten 1813an. 1814an Santiago menderatu zuen, eta brigadier mailara igo zuten. Ameriketan jarraitu zuen, hango herrien askapenaren aurka borrokatzen. Baina porrot egin zuen Txileri independentzia emango zion Chacabucoko guduan 1817an, eta espainiar nagusitasunaren amaiera ekarriko zuen Ayacuchokoan 1824an. Txilen, armakide izan zuen, besteak beste, Baldomero Espartero.[2]

1825ean Espainiara itzuli zen, eta Asturiasko eta Toledoko miliziak antolatzeko ardura eman zioten. Bere ideologia kontserbatzaileak Don Karlos infantearen ondora eraman zuen, eta harekin erbesteratu zen Portugalen lehenik, eta Londresen ondoren. Halere, 1835era arte ez zen armada karlistan sartu. 1836ko abuztuan Kataluniako komandante jeneral izendatu zuten, baina handik bi hilabetera ardura hori utzi zuen, kanpaina txar baten ondoren.

Frantzian, iparraldeko frontearekin bat egiteko ahaleginean zebilenean, atxilotu zuten eta Toursen konfinatu. Handik Bordelera joan zen ihesean, eta Erro ministroarengana jo zuen borrokan jarraitzeko prest zegoela esatera. Katalunian izandako jokaeragatik ireki zioten espedientea konpontzen zen arte erbestean itxaron beharko zuela erantzun zion hark. 1838ko maiatzean Don Karlosek deitu zuen, armada karlistaren ardura hartzeko, jeneralen artean banaketak eta krisialdia baitziren nagusi garai hartan.

Lizarrako fusilamenduak, 1846ko irudia.

Hiru hilabetean tropa karlistak berrantolatu eta berriro ere armada liberalari aurre egiteko moduan jarri zituen. Ordurako beranduegi zen, ordea, gerra berriz ere bideratzeko. Bai soldaduak, bai gerrako gune nagusiko (Euskal Herriko) jendea aspertuta zeuden gerrarekin. 1839 hasieratik harremanetan ibili zen jeneral liberalekin, gerra amaitzeko hitzarmen bat lortu nahian. Armada karlista banatuta zegoen itunaren aldekoen eta gerra kosta ahala kosta jarraitzearen aldekoen artean, eta arazo haiek agerian gelditu ziren Marotok Lizarran lau jeneral fusilarazi zituenean.

Don Karlosek bando bat argitaratu zuen orduan Maroto bere kargutik kenduz eta traidoretzat joz, baina egoera hark kontrolatzen zuenez eta tropa karlista gehienen babesa zuenez, erregegaiak atzera egin eta bere armadako buru gisa onartu behar izan zuen berriro. Maroto bere etsaiak erregearen kuarteletik bota eta lord John Hayrekin hasi zen harremanetan, hots, britainiarrek Bizkaiko golkoan zuten armadaren buruarekin, hark jeneral liberalekin bitarteko lanak egin zitzan.

Bergarako besarkada

Prozesu hori Bergarako Hitzarmenarekin amaitu zen. Itun horrek amaiera eman zion iparraldeko gerrari, foruak errespetatzearen truke karlistek armak uzteko Esparterorekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Abuztuaren 31n Gaztelako bost batailoik, Gipuzkoako hiruk eta Bizkaiko zortzik amore eman zuten Bergaran, eta Don Karlosek erbestera ihes egin behar izan zuen, bere jarraitzaile sutsuenekin. Gerra beste urtebete luzatu zen Katalunian eta Maestrazgon, Cabrerak ez zuelako ituna onartu, baina karlistek ez zuten gerra irabazteko batere aukerarik.

Rafael Maroto traidoreen ikur bihurtu zen karlistentzat, euskal herritar gehienen eta bere soldadu asko eta askoren nahiei jarraiki zazpi urtez luzatu zen gerra hari amaiera ematea lortu zuen arren. 1847an Txilera itzuli, eta han hil zen 1853an.

Erreferentziak

  1. Maroto Isern, Rafael. aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-26).
  2. Pérez Núñez, Javier. Los amigos de Espartero. La construcción de la red de los ayacuchos. revistasmarcialpons.es (Noiz kontsultatua: 2024-12-26).

Kanpo estekak

  • Rafael Maroto , XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian, Zumalakarregi Museoa, CC-BY-SA, zm.gipuzkoakultura.net