Urazurrutiako sehaska-etxea

Urazurrutiako sehaska-etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Eraikinaren ikuspegi orokorra.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°15′15″N 2°55′23″W / 43.254042°N 2.923039°W / 43.254042; -2.923039
Historia eta erabilera
Irekiera1914
Arkitektura
ArkitektoaRicardo Bastida
Ondarea
EJren ondarea233

Urazurrutiako Sehaska Etxea izenarekin ezagutzen da Bilboko San Antonioko Sehaska Etxea izan zena. Bilbo Zaharra auzoko Urazurrutia kalean dagoen estilo modernistako eraikin bat da, Bizkaiko lurralde historikoan.

Testuingurua

1881ean, ideiaren sustatzailea izan zen Fernando Luis Ibarra Aranbarri zinegotzia buru zuen batzorde bati eskatu zitzaion Bilboko udal-ongintzaren erreformarako proiektu bat idazteko. Udalak onartu ondoren, bi sehaska etxe jarri ziren martxan, bata Zazpikaletako Erribera kalea eta kale Barriaren kantoian zegoen eraikinean eta bestea Urazurrutia kalean, Federico Victoria de Leceari alokatutako eraikin batean. Eraikin hau Joaquín Rucoba arkitektoak egokitu zuen eta 1884ko urtarrilaren 7an inauguratu zen Karitateko ahizpek kudeaturik. Sehaska Etxearen helburua emakume langileen hiru urtetik beherako haurrak egunean zehar zaintzea zen, emakume horiek lanean jarraitzen zuten bitartean, eta erabilera hori xx. mendearen amaierara arte mantendu zen. Udalak 1929ra arte izan zuen sehaska aretoen ardura, eta urte horretan Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalaren esku geratu zen.[1]

Kokalekua

Sehaska Etxea Bilbo Zaharra auzoan dago, Urazurrutia kalearen 3. zenbakian.

Etxearen aurrekaldea

Eraikuntza

Denboraren poderioz sortutako akatsen ondorioz, San Antonioko Sehaska Etxearen eraikinak arazoak izan zituen, eta horrek zaildu egin zuen bere zeregina betetzea. Hori dela eta, 1913an, Sehaska Etxearen batzordeak erabateko eraberritzea eskatu zuen, eta, horren aurrean, udalak eraikina eraitsi eta berri bat egitea erabaki zuen. Horretarako, 1914ko abenduaren 4an eraikina erosi zuen. Urte bereko azaroan, Ricardo Bastida arkitektoak hormigoi armatuzko egitura duen lau solairuko eraikinaren proiektua aurkeztu zuen. 1914 eta 1916 urteen artean eraiki zen. Eraikina 1939an zaharberritu zen, eta solairu berri bat erantsi zitzaion terrazari, jatorrian eraikinaren estalkia zena, eta teilatu berri bat, zeinaren teilatu-hegalak lau fatxadetan nabarmentzen baitira. Erreforma hau Ricardo Bastidak berak diseinatu zuen. Estilo modernistako obra da, arkitektura mudejarraren ukituak dituena, eta Burjassoteko "Valencia Industrial" konpainiak ekoitzitako azulejuen, adreiluen eta harriaren konbinazioa nabarmentzen da. Eraikin berria 1916ko Santiago egunean, hau da, uztailaren 25ean, inauguratu zen.[2]

Federico Saenz Venturini-ren Kari­tatea

Karitatea eskultura

Oso ongi artikulatutako eraikina da. Egitura dotorea eta ongi zaindutakoa du, eta bere aurrealdean, atariaren gainean Federico Sáenz Venturini[3]eskultore bilbotarraren eskultura multzoa gehitu zitzaion. Karitatea izeneko eskultura da, seme-alabeekin eserita dagoen ama bat irudikatzen duena.[4][2]

2021 aldaketa

2018an, BBK Banku Fundazioak, eraikinaren jabeak, zentroak haurtzaindegi lana utziko zuela iragarri zuen. Eraikina zaharberritu egin zuten eta 2021az geroztik BBK-k eraldatu egin zuen berrikuntza proiektuak bultzatzeko zentro bihurtzeko: Kuna[5] egitasmoa, eraikina gaur egun kudeatzen duena. BBK Kuna, haien hitzetan, gizarte-berrikuntzarako gune bat da, eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako hainbat eragilek parte hartzen dute bertan, etorkizuneko erronkei erantzungo dieten era askotako irtenbideak eskaintzeko Bizkaiko gizarteari.[6][7]Eraldaketa horrek eztabaida sortu zuen herritarren artean, eta proiektu berriak auzotarren beharrei erantzun behar zuela aldarrikatu zuten.[8]

Erreferentziak

  1. «Bilboko Sehaska-Gelak - Archivo Foral - Bizkaia.eus» Archivo Foral (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  2. a b Bilboko Sehaska-Gelak. .
  3. (Katalanez) «Federico Sáenz Venturini - Pintor - Escultor - Arquitectura Modernista» www.arquitecturamodernista.cat (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  4. (Gaztelaniaz) «Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak Egitamu Komunitario - SAN ANTONIO SEHASKAETXEA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  5. «Home» BBK Kuna | Gizarte Berrikuntzaren gunea Bizkaian 2024-12-10 (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  6. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2023-05-04). «BBK Kuna» www.kulturklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  7. «BBK Kuna, Garapen Jasangarrirako Helburuen etxea, inauguratu du BBKk Bilbon» hamaika telebista 2021-10-25 (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  8. «Sehaska Etxea auzoarentzat aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean - Bilbo zaharra - 2020-10-16» Uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-09).

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo