Zientzialari

Kimikari-taldea laborategian ikertzen (Errioxako Unibertsitatea).

Zientzialari edo jakintzari[1], zentzu zabalean, jakintza lortzeko jarduera sistematikoa egiten duen pertsona bati ematen zaion izena da. Zentzu hertsiagoan zientzialaria metodo zientifikoa erabiltzen duen pertsona bat litzateke. Pertsona hori zientziaren adar batean edo gehiagotan izan daiteke aditua. Zientzialariek naturaren ezagutzarako lana eta ikerketa egiten dute, fisika, matematika zein gizartea izan ikergaia.

Filosofia beste jarduera bat da, ez dena gaur egun eskuarki zientziatzat hartzen. Filosofoek fisikoki neurtu ezin diren esperientzia eta errealitateak ulertzea bilatzen dute.

Zientzialariak, era berean, ez dira ingeniariak, egoera zehatz baterako tramankuluak diseinatu, eraiki eta mantentzen dituztenak. Zientziak erabilera praktiko baterako bidea egiten duenean zientzia aplikatu izena ematen zaio. Zientzialari aplikatuak ez ditu zertan tramankuluak marraztu edo asmatu behar, bakarrik ikertu norabide hori eman dadin. Zientziak filosofiako elementuak sartzen dituztenean orduan filosofia naturala izena ematen zaio.

Erreferentziak

  1. «jakintzari - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-17).

Ikus, gainera

Kanpo-estekak